Gym Berdeak parte-hartzaile gazteagoak erakarri nahi ditu

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 11a, 13:26

Gym Berdea egitasmoak hiru urte bete ditu. Larrabetzun hasi zen 2016an eta iaz Zamudiora zabaldu zen. Proiektuak osasuna, zahartze aktiboa, gizarteratzea eta lorezaintza ekologikoa uztartzen ditu. “Datorren urtea jende gazteagoa erakarri nahiko genuke”, esan du Keko Alonso arduradunak.

Larrabetzun zortzi lagun ibili dira aurten Gym Berdean, herriko berdeguneak txukuntzen. “Aurten batzuek ezin izan dute proiektuan parte hartu, baina pozik gaude. Guztira, 12 eremutan ibili gara lanean eta herriak aintzat hartzen du gure lana: parterreak sortu ditugu, baita fruta-arbolez eta landare usaintsuz betetako eremuak ere. Hiru urte daramatzagu lanean eta aurten hasi gara emaitzak ikusten, loreak astiro hazten direlako. Gainera, proiektuko parte-hartzaileek dagoeneko badakite zer egin eta primeran pasatzen dugu”.

Zamudion proiektua aurten hasi da; beraz, datozen urteotan Gym Berdea bertan finkatzea dute helburu. Horretarako, publizitatea hobetu nahi dute, “Zamudion proiektua oso ezaguna ez delako”. Lehenengo urte honetan, Alonsok eta bere sei laguntzaileek ibaibidea egin dute Kotxozulo aldean. “Bertatik ibiltzeko bidea baino, aisialdiaz gozatzeko eremua atondu nahi izan dugu. Hau da, jendea naturarekin harremanetan egoteko esparrua sortu, han irakurtzeko, piknika egiteko… Inguruan, erriberako basoa bultzatu nahi dugu, eta bide batez naturako esparru hori industrialdetatik isolatu”. Denboraren poderioz, egurrezko eserlekuak-eta jartzeko asmoa dute, baita liburutegi txiki bat ere.

Duela urte bi, proiektua Derion ere aurkeztu zuten, baina azkenean ez zen aurrera eraman. Dena dela, datorren urtean Gym Berdeak Zamudion eta Larrabetzun jarraituko du. Zamudion, urtarrilaren 21ean hasiko dira; eta Larrabetzun, otsailaren 8an. Kasu bietan, ordu bi eta erdiko saioa egingo da astero. Gainera, saio irekiak ere eskainiko dira proiektua zabaltzeko. Informazio gehiago eskuratzeko edo izena emateko, 699 73 98 51 telefono zenbakira dei daiteke. Era berean, Anguleri kultur etxera (Larrabetzu) edo Zamudiotorrera joan (Zamudio) daiteke. Gym Berdea proiektu berritzailea da Estatuan.