Loiun, kirol-ekintza guztiak utzi dira bertan behera; martxoaren 29an ospatzekoa zen Larrondoko Mendi Martxa, tartean. Halaber, ez da ekintzarik egingo Kultur Etxean, ezta gainerako leku hauetan ere: ludoteka, gaztegunea, liburutegia, Larrondoko zentro zibikoa eta erabilera askotarako eraikina, Zabaloetxeko frontoia, Larrondoko futbol-zelaia eta Lauroetako txokoa. Euskadiko eta Txorierriko gainerako herrietan moduan, erretiradunen etxea itxita dago.
Sondikan, bestalde, instalazio hauek itxi dira: Kultur Etxea, ludotekak, Artebeko eta Gorondabekoko kiroldegiak, liburutegia, gaztetxea, txikigunea, Basozabaleko futbol-zelaia eta jubilatuen etxea.“Derio, Euskadi ezagutzen” irteera bertan behera uzteaz gainera, leku hauek itxi ditu Derioko Udalak: nagusien etxea, kiroldegia eta kirol-instalazioak, gaztelekua, ludoteka, Kultur Birika, liburutegia eta Gurea Aretoa.
Zamudioko Udalak ere udal-lokal guztiak itxi ditu aldi baterako, harik eta besterik jakinarazten den arte, eta antolatutako ikastaro eta jarduera guztiak ere utzi ditu bertan behera. Besteak beste, txikiguneko, liburutegiko, ikasgelako, ludotekako, udalaren kirol-instalazioetako eta Gaztestazioko jarduera eten egin du, baita ikastaroak ere. Gainera, jakinarazi duenez, udal-txokoetarako egindako erreserbak ere bertan behera gera daitezke, eta ezin izango da txokoetarako erreserba gehiagorik egin.
Lezamako eta Larrabetzuko nagusien elkarteak ere itxita daude, eta Larrabetzuko Udalak bertan behera utzi du martxoaren 29ko Txakolinaren Eguna. Era berean, liburutegia, ludoteka eta kiroldegia itxi ditu. Nagusien elkarteaz gainera, Lezamako Udalak Aretxaldeko frontoia, kiroldegia, gimnasioa, Kultur Aretoa, Uribarri Topalekua, gaztegunea, ludoteka, liburutegia, ikasgela, Goitioltzako txokoa eta Santa Kurtzeko ermita itxi ditu. Ikastaroak, irteerak eta gainerako jarduerak bertan behera utzi dira.
Besteak, udaletxeak zabalik egongo diren arren, herritarrei tresna elektronikoak erabiltzeko eskatu zaie administrazioan egin daitezkeen tramiteetarako.