Koronabirusa

Larrialdiak izan ezik, gainerako zerbitzu guztiak telematikoki eskainiko ditu Mankomunitateak

Aikor aldizkaria 2020ko mar. 17a, 11:30

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideak kontuan hartuta, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-larrialdiaren eta Espainiako Gobernuak ezarritako alarma-egoeraren harira, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak hainbat neurri hartu ditu COVD19aren hedapena geldiarazteko.

Besterik esan arte, datozen asteetarako antolatutako talde-ekintzak eta ekitaldi publikoak bertan behera gelditu dira, hala nola Osasunaren Aldeko Martxa eta Ipuin Lehiaketa. Mankomunitateak ikastetxeetan eta udal-instalazioetan antolatutako ekintza didaktikoak eta pedagogikoak ere bertan behera utzi dira, eta nagusien eguneko zentroak itxi dira. Bestalde, telelana egiteko aukera eman zaie haien ardurapean adingabekoak edo mendetasuna duten pertsonak dituzten langileei. Mankomunitatean bertan egin beharreko batzarrak ahalik eta gehien murriztuko dira, erakundearen funtzionamendua geldi ez dadin.

Zaharren egoitzetako egoiliarrek bakarrik bisita bat izango dute egunean, eta Mankomunitateak zein Behargintzak telefonoz, emailez eta telematikoki eskainiko dute zerbitzua. Euskaltegia itxita egongo da. Garbiketa areagotuko da Mankomunitateko instalazioetan eta Osakidetzaren aholkuak bidaliko zaizkie langile guztiei, eta instalazioetan ere ipiniko irakurgai. Bestetik, kaleko garbiketa eta hiriko hondakin solidoen bilketa aztertzen dabiltza, biltze-maiztasunak doitzeko eta giza baliabide nahikoak izateko.

Gizarte Ekintza Sailari dagokionez, bisita guztiak bertan behera gelditu dira eta zerbitzua telematikoki emango da: Loiu, gsarria@txorierri.eu eta 944 712 485; Sondika, gsarria@txorierri.eu eta 944533 889; Derio, mlarrea@txorierri.eu eta 944 542 243; Lezama, mlarrea@txorierri.eu eta 944 556 007; Zamudio, rfernandezleceta@txorierri.eu eta 944 060 999; eta Larrabetzu, rfernandezleceta@txorierri.eu eta 944 557 027. Aurrez aurre bakarrik larrialdiei emango zaie erantzuna: balizko hornidura-mozketak, egoera ekonomiko estuan dauden eta adingabeak dituzten familiak, familia-indarkeria eta bakarrik bizi diren eta familia-laguntzarik ez duten mendeko nagusiak.

Etxez etxeko laguntza-zerbitzua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritakoaren arabera eskainiko da, eta eguneko zentroak eta zerbitzuak itxita daudenez, etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren langilearekin harremanetan ibiliko dira, boluntarioen laguntza beharrezkoa balitz ere. Gizartean eta Hezkuntzan esku hartzeko taldeak eta SIP zerbitzuak telefonoz, whatsappez eta emailez egingo dute lan. Mankomunitatearen gainerako zerbitzuak ere telematikoki eskainiko dira.

Jakinarazi dutenez, eta Mankomunitatearen jarduera ez gelditzeko, informazio-batzordeak, gobernu-batzordeak eta osoko bilkurak berrantolatuko dira, eta jarraipen-batzordea eratuko da osasun arloko neurri berriei adi egoteko, eta beharrezkoa balitz, horiek ezartzeko. Jarraipen-batzordeak hauek osatuko dute: presidentea, presidenteordea, kontu-hartzailea eta Mankomunitateko idazkaria. Organo kolegiatu guztien bilerak atzeratu dira.

Azkenik, barruko antolakuntza dela eta, herritar guztiontzat ezarri diren neurri berberak hartu dira: azalak garbitzea, eskuak xaboiz sarritan garbitzea, pertsonen artean metro biko tartea uztea, eztula egitean ahoa besaurreaz edo erabili eta botatzeko zapiz estaltzea. Sintomak dituzten pertsonak ezin dira nagusiekin edo gaixotasun kronikoa dutenekin, edo leku publikoetan eta jendetsuetan. Etxean gelditu behar dute.

Mankomunitateak gogora ekarri du txorierritar guztien inplikazioa beharrezko dela neurriak eraginkorrak izan daitezen. Neurriak egoeraren bilakaeraren eta agintari eskudunen jarraibideen arabera areagotuko dira, edo ez. Berriak Mankomunitatearen webgunearen bidez jakinaraziko zaizkie herritarrei.                        

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).