Espainiako Gobernuak alarma-egoera ezarrita, goizeko 6etan indarrean sartu dira Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapena gelditzeko hartutako neurriak. Besteak beste, autonomia erkidegoa eta udalerriak itxi dira eta herritarrok bakarrik mugitu ahalko gara gure udalerritik. Hala ere, salbuespenak daude, esaterako, lanera edo ikastera joatea, mendeko senide bat zaindu behar izatea eta medikura joatea. Gainera, ondoko udalerrietara joan ahalko da jarduera sozioekonomikoak egitera.
Bestalde, bakarrik sei pertsona bildu ahalko dira kalean zein etxean, eta ezin izango da gaueko 23etatik goizeko 6ak arte kalean egon, arrazoi justifikaturik egon ezean (lehen aipatutakoak). Tabernek eta jatetxeek 23:00etan itxi beharko dute eta garraio publikoa 00:00ak arte ibiliko da.
Neurriak 15 egunean izango dira indarrean, eta pandemiaren bilakaera zein den, luzatu, aldatu edo bertan behera utzi ahalko dira. Azaldu dutenez, Euskadi eremu gorrian sartu zen atzo, 14 egunean 100.000biztanleko 500 kutsatze baino gehiago egon direlako. Txorierriko datuei dagokienez, eta datuak eguneratu arte, Derio eremu laranjan dago.