Udazkenean egingo dira Bizkaiko, Nafarroako eta Xilaba txapelketak

a: Alberto Elosegi 2021ko eka. 2a, 13:25

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Xilaba amaitu gabe utzi ziren iaz, eta urte honen hasieran behar zuen Nafarroakoak. COVID-19ak eragindako zailtasunak tarteko, ordea, data zehaztu gabe atzeratu ziren. Egoeraren bilakaera ikusita, Bizkaiko, Nafarroako zein Bertsolarien Lagunak elkarteek erabaki dute txapelketak 2021eko udazkenean egitea.

Zortzina saio izango dituzte Xilabak eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak, eta hamar Bizkaikoak. Kasu bakan batzuetan, egun berean izango dira zenbait saio, baina zaleei haien jarraipena errazteko, txapelketak elkarren artean ahalik eta modu onenean uztartzeko egutegia osatu da.

Final laurdenetan zela eten zen Xilaba iaz. Frantziako Estatuak pandemiaren aurka egiteko neurriak gogortu zituen urrian, eta kultur emanaldiak bertan behera geratu ziren. Irailaren 18an hasiko da berriro ere txapelketa, eta azaroaren 13an izango da finala.

Udabarria bertsotan sailkapen saioak irailean eginda, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ez hastea erabaki zen, aurreikusten ziren eragozpenak tarteko. Urriaren 3an hasiko da txapelketa eta abenduaren 18an ezagutuko dugu txapelduna.

Urtearen hasieran ziren egitekoak Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak. Araban, ohiko txapelketa egin beharrean, maiatzean bukatu berri den binakakoa gauzatu zen. Nafarroan, aldiz, atzeratu, eta urriaren 2an ekingo zaio Nafarroako Bertsolari Txapelketari; azaroaren 27an izango da finala. Aurretik, ordea, sailkapenerako saioak egingo dira, ekainean hain zuzen.

Laster ezagutaraziko dira Nafarroako aurrekanporaketen inguruko xehetasunak, eta hiru txapelketen inguruko informazioa udazkena gerturatu ahala.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).