Laguntza-txakurra Liherrentzat eta Haizearentzat

Aikor aldizkaria 2021ko uzt. 19a, 14:00

Liher eta Haizea neba-arrebek sei eta lau urte dituzte hurrenez hurren eta Zamudion bizi dira. Biek autismoaren espektroko nahasmendua dute. Gurasoek kanpaina bat ipini dute martxan https://proyectopuppy.obrasocialischadia.com/ webgunean, seme-alabentzat laguntza-txakurra hartu ahal izateko. Azaldu digutenez, txakurra hezteko prozesuak urtebete irauten du eta 18.322 euro balio du.  

“Txakurrak etxean zein kalean lagunduko liguke”, esan digu Joana Oterok, Liherren eta Haizearen ama denak. “Umeak ez dira kaleko arriskuez ohartzen eta, gainera, zarata eta argiak direla-eta krisiak izan ohi dituzte kalean: haietako batek atakea badu, handik gutxira besteak ere izaten du, elkarri kutsatzen diotelako. Halako egoeretan, nik umeetako bat zaintzen dudan bitartean, txakurrak bestea zaindu ahalko luke, eta mina har dezala ekidin. Edo haietako bat korrika irteten bada, bere atzetik joan. Era berean, txakurrak lagundu ahal die eskailerak eta zintarriak jaisten ikasten, kalea zebra-pasaguneetatik gurutzatzen… Ondorioz, umeak pixkanaka-pixkanaka ikasiz joango dira noiz eta non gelditu behar diren, nondik pasatu…”.

Lekuetara joatea ere korapilatsua da Liherrentzat eta Haizearentzat eta txakurrak horretan ere lagunduko lieke. “Esaterako, medikuarenera joateko. Izan ere, haietako batek medikuarekin hitzordua badu, bestea ere eraman behar dut kontsultara eta txakurrak lagunduko lioke bertan lasaiago egoten, medikuak bere arreba edo bere neba artatzen duen bitartean”.  Bestalde, lo egiteko orduan ere mesedegarria izango litzateke umeek laguntza-txakurra hurbil izatea. “Ezin dute atsedenik hartu eta lo egiteko orduan pertsona batekin egon behar dute denbora osoan. Lasaitzeaz gainera, txakurrak konfiantza emango lieke, apur bat bakarrik egon ahal izateko. Nire ustez, laguntza-txakurrari esker, seme-alabek lortuko lukete pixka bat autonomoagoak izatea eta pentsatzen dut hori inportantea dela, askatasun apur bat eta segurtasuna behar dutelako”.

Oterok hainbat atetara jo du laguntza bila, baina autismoaren espektroko nahasmendua duten umeentzako laguntza-txakurrak daudela ez da ezaguna eta erakundeen aldetik ez du laguntza handirik jaso. “Txakurra hezi behar da Liherri eta Haizeari lagundu ahal izateko, eta kanpainaren helburua da dirua batzea ikaste-prozesuaren gastuak ordaindu ahal izateko. Zamudioko Udalarekin ipini gara harremanetan, gure egoera azaldu diegu eta laguntzen ari zaizkigu”. Diru-ekarpenak hasieran aipatutako webgunearen bidez egin daitezke; hala ere, Oterok adierazi du laguntza-mota guztiak hartzen dituztela atsegin handiz, hala nola kanpaina ahalik eta gehien zabaltzea eta guneak edo lekuak uztea, erakustaldiak egin ahal izateko eta jendeak ezagutzeko laguntza-txakurrek autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonekin egiten duten lana.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).