Finala, abenduaren 18an, Iruñean

Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022ko udazkenean egingo da

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 26a, 13:17

Bertsozale Elkarteak Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatu du 18. aldiz. Lehia Getxon hasiko da 2022ko irailaren 24an eta finala Iruñean jokatuko da abenduaren 18an. Pandemia gainditzen gabiltzala, bertsolaritzaren mugimenduak “ohiko bertso plaza berreskuratzea” du helburu, prentsa-oharrean adierazi duten moduan. Izan ere, lurraldeetako txapelketak martxan daude eta “hasieratik amaieraraino ahalik eta normaltasun handienarekin” gauzatzeko asmoa dute. Ildo horretan, Bertsozale Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie, 1987tik gaur egun arte txapelketen edo bestelako egitasmoen bitartez, bertsolaritza sustatzen eta eragiten lankide izan dituen norbanakoei, bertso-eskolei, elkarteei eta erakundeei.     

“Plazaren egoera ez da lehen bezalakoa. Azken hilabeteotan asko sufritu du bertsolaritzak, eta apurka-apurka egoera bere onera etortzen ari da. Saioak oso baldintzatuta egin dira eta orain aztertzen gabiltza plazak zuen dinamismoa zelan berreskuratu, hau da, egoera berrira egokitzen ari gara. Txapelketak garrantzitsuak dira, baina asteroko plaza landu behar da, bertsolaritzaren hauspoa baita”, adierazi du Gontzal Agotek, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak.

Finala, Iruñean
Azken txapelketa 2017an jokatu zen Barakaldon eta Maialen Lujanbio izan zen txapelduna. Aurten, aldiz, beste herri batera eraman dute azkeneko saioa. “Ibiltaria da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da Bertsozale Elkartearen helburua. Ondorioak nabariak izan ohi dira: zaletasuna areagotzen da, bertso-eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan”. Antolatzaileek bertsolaritza Nafarroan sustatzea nahi dute eta, horren haritik, bertako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu zuen. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).