Izena eman beharko da Durangoko Azokara sartzeko

Aikor aldizkaria 2021ko aza. 24a, 09:27

Gerediaga elkarteak jakinarazi duenez, Durangoko Azoka egokituko da Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara. Hortaz, aldez aurretik izena eman beharko da Landako Gunera zein Ahotseneako kontzertuetara sartu ahal izateko. Era berean, jarduera guztietan ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea eta osasun-arauak betetzea. Azoka abenduaren 4tik 8ra egingo da.

Azaldutakoaren arabera, Azokaren helburu nagusia da bisitari eta kulturzale guztien segurtasuna bermatzea, eta horretarako, osasun-neurriak indartuko dituzte 56. edizioari begira. Hortaz, Landako Gunera eta Ahotseneako kontzertuetara sartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Hori Azokaren webgunean sortuko den erreserba-sistema baten bidez egin beharko da. Egunero ordu eta erdiko bost txanda, 10:00:00etatik 20:00ak arte, egongo dira Landako Gunera sartzeko eta bakoitzean 1.200 bisitari izango dira.  

Bestalde, esandako webgunean ere eman beharko da izena Ahotseneako kontzertuetara joan ahal izateko. Orotara 50 kontzertu antolatu dira. Plateruena kafe antzokian ez da ostalaritza-zerbitzurik egongo eta ezin izango da edaririk edo jatekorik hartu. Ezta Landako Gunean ere. Gune bietan derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea.  

Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak erantzukizunez eta arduraz jokatzeko deia egin diete kulturzale guztiei eta nabarmendu dute osasun-neurriak zorroztasunez betearaziko direla.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).