Menditik patxadaz

Bunkerrak

t: IƱaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2022ko mar. 9a, 11:04

Aurreko zenbakian azaldu genuen gure asmoa: mendi ibilaldi batzuk proposatzea zenbait gauza interesgarri ikusteko. Bunkerrekin hasiko gara. Eta zer dira bunkerrak? Wikipediak dixit:  "Bunkerra gerra garaian jendea edota hornigaiak hegazkinen aire bonbardaketa eta lurreko artilleriaren lehergaien erasoetatik babesteko bereziki diseinatutako eraikin militar gotortua da. Nagusiki lurpeko eraikinak dira, burdin eta hormigoiz eginak"

Txorierri bunkerrez inguratuta dago. Gehienak 1936ko gerra malapartatuaren aztarnak dira, tropa frankistek Bilbo ez okupatzeko eraikiak eta Burdin Hesia edo Cinturón de Hierro moduan ezagunak. Jakina denez, alferrik izan zen, zeren frankistak hain justu Txorierritik sartu ziren Bilbora, Morga, Fika eta Larrabetzutik "gerrikoa" deseginez, milaka bonben eraginez.

Txorierri eta Mungialdeko bailarak bereizten dituen mendi lerroa garai hartako bunkerrez josita dago. Luzaro utzi dira bertan behera, baina azken urteotan euren balioa berriro nabarmendu da; besteak beste, garbitu dira eta arkeologoek aztertu dituzte.

Holako bunker bat aurkituz gero, metrailadore habiak hain zuzen, konturatuko gara oso gutxi daudela osorik. Gehienei sabaia, goiko partea, falta zaie. Arrazoia hauxe da: 50eko hamarkadan burdina oso eskasa eta garestia zen eta hura lortzeko otu zitzaien bunkerren sabaiak leherraraztea, hormigoi armatukoak zirenez, burdina zutelako.

Argitu behar da bunker guztiak ez direla garai berberakoak. Artxandakoak, esaterako, (oso aproposak umeekin galerien artean jolasteko), beranduagokoak dira eta eta oso-osorik daude.  Horiek Frankoren garaian eraiki ziren, aliatu mendebaldarren erasoen beldur (nazien aurkako aliatuak). Unbe, Punta Lucero, Gorlizekoak... ere berdin.

Gerra garaikoetara itzulita, bunkerrez edo metrailadore habiez gain, trintxerekin ere topo egin dezakegu hainbat lekutan. Sigi-saga doaz bunkerrez bunker. Batzuk lurrez erdi estalita badaude ere, ez da zaila horiek identifikatzea. Aterpe-zuloak ere ikusgarriak dira, eskuz egindako kobak: bonbardaketak gogortzen zirenean bertan ezkutatzen ziren gudariak. Holako edozein aztarna  aurkituz gero, begiak itxi eta joan 1937ko ekainaren 11ra edo 12ra. Ez, ez da giro.

Bizkaian zehar hainbat bunker eta ibilbide aurkitu daitezke, gaur egun asko garbituak eta ondo seinaleztatuak. Adibide batzuk jartzearren: Urdulizko Santamañe haitzetan egindakoak, Arrigorriaga eta Ugao artekoak, Lemoakoak... asko.

 

 

Ibilbide proposamena

Ibilbide lasaia da, 9 km ingurukoa eta urteko edozein sasoitan egiteko modukoa. Zati gehiena errepidetik egiten da. Larrabetzuko uritik hasi, eta, mapan agertzen den moduan, Loroño auzorantz egin behar da. Laster eskuinean aurkituko dugun lehen baserriaren atzetik estrata bat dago. Hori hartuko dugu. Eskuinean dagoen bihurgunetik jarraitu, eta gero ezkerretara joko dugu gorantz egiteko. Aldapatxoa apur bat igo, eta lehen bunkerra agertuko da ezkerretara. Kontuz ibili beharko dugu, zeren erdi estalita egoten da eta bidezidorretik ez da ondo ikusten. Utzi dugun errepidetik 200 metro ingurura dago. Hortik aurrera jarraituta eta 400 metro inguruko eremuan aurkitu daitezke bunker gehiago, lubakiak, babes-zuloak eta omenezko eskulturak. Horiek beste une baterako utzi, eta atzera egingo dugu bidean.

Segituan San Bartolome ermita dotorearen ondotik pasatuko gara. Geldiunea merezi du. Aurrerago Ankapalu sagardotegia topatuko dugu, Loroño auzoa… Gaztelu auzotik pasatu ondoren, ezkerretara Gaztelumendiko bidea hartuko dugu. Ia tontorrean gaudela, hiru metrailadore habia ikusiko ditugu: haietako bi osorik daude, baina ez da ohikoa. Itzulera leku beretik egin dezakegu; bestela, Goikoelexaldera jaitsi ahal gara, eta handik Larrabetzura.

Aikor!en webgunean ibilbide gehiagori buruzko informazioa aurkituko duzue. Ibilbideetako bat Gamizen hasten da, beste bat Fikan, eta beste bat Zamudion. Gainera, beste webgune batean Larrabetzuko beste aztarna batzuk bisitatzeko argibideak azaltzen dira.

- Larrabetzun beste hainbat aztarna gelditzen dira. Hona hemen oso informazio erabilgarria:

www.cinturondehierro.net/eu-es/Burdin-Hesiaren-Gune-Historikoa/Burdin-Hesiaren-Haustura

- Gamiz edo Fikatik hasita, aztertu berriak diren Loba, Eperlanda I eta Eperlanda II. bunkerretatik ibilaldia proposatzen du webgune honek. Nahiko informaziorekin eta pdf dokumentuak zein trakak jaisteko aukera:

www.gamiz-fika.eus/eu-ES/Memoriahistorikoa/Gamiz-Fikako_memoriaren_ibilbidea/Orriak/default.aspx

- Zamudiotik hasita

www.gogora.euskadi.eus/contenidos/informacion/gogora_dokumentuak/eu_def/Memoria-Ibilbideak-Zamudio.pdf

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).