Euskal Herriko Itzuliak eragina izango du trafikoan, apirilaren 7an eta 8an

Aikor aldizkaria 2022ko api. 5a, 13:44

Atzo hasi zen Euskal Herriko Itzulia eta hori eguenean eta barikuan, apirilak 7 eta 8, etorriko da Txorierrira. Hori dela-eta, errepide batzuk itxiko dira trafikorako, batez ere eguenean, etapa Zamudion bukatuko baita.

Txorierriri dagokionez, apirilaren 7an, Txorierriko Korridoreko Lezamako eta Larrabetzuko 25. eta 27. irteerak itxiko dira, bi noranzkoetan, 16:15etik 17:30era bitartean. Era berean, BI-631 errepidean (Santo Domingo gaina) BI-3741 errepiderako (Artxandatik Enekurirako errepidea) irteerako erreiak bi noranzkoetan itxiko dira 13:15etik 15:00etara. Bilboko Enekuriko irteeretan eragin puntualak izango dira, lasterketaren burua iritsi baino 15 bat minutu lehenago, 14:40ak inguruan, eta txirrindulariak hortik igaro arte. Horri lotuta, N-637ko Asua-Enekuriko irteeran zirkulazioa desbideratuko da Getxorako noranzkoan, Asua-La Cadena biribilguneranzko trafikoa saihesteko, 14:40ak aldera eta txirrindulariek Enekuri jaitsi arte. Asua-La Cadena biribilgunean ere eragina egongo da, 14:54ak aldera eta txirrindulariak igarotzen diren bitartean.

Bestalde, Itzuliak eragin handia izango du Zamudion: BI-737tik Zamudioko Parke Teknologikorako sarbide bi itxiko dira 15:30etik 18:30era bitartean; Zamudioko gasolindegitik eta Fuentene jatetxetik. Era berean, 15:30etik 17:30era bitartean, herrigunerako sarbidea itxiko da, baita Pinoa poligonotik Ugaldeguren IIIrako biribilgunea eta Sandonirako igoera ere, Aranoltza auzoan. Herrigunera Torrelarragoiti poligonotik sartu beharko da, Palets del Txorierri enpresatik; eta herrigunetik ateratzeko, Correosen bulegotik Paletseraino eta gero Torrelarragoiti poligonotik.  

Lasterketak Txorierrin ez ezik Bizkai osoan ere izango du eragina: Ertzaintzak gomendatu du N-240 errepidean, Arabatik N-634 errepidera (Galdakao), 13:00etatik 15:00etara, gutxi gorabehera, ibilgailu astunen eta garraio berezien zirkulazioa saihestea edo minimizatzea. Gainera, AP-8tik eta N-634tik, N-240rako sarbideak itxi egingo dira: AP-8 autobidearen 105. irteera, Galdakao-Ospitalea-Gasteiz, bi noranzkoetan itxiko da 13:00etatik 14:45era. Tarteka itxiko da N-634 errepidea, N-240rekin lotzen den lekuan, Erletxe eta El Gallo arteko zatian, bi noranzkoetan, 13:00etatik aurrera. N-240ra doan trafikoa AP-8, N-634 eta BI-635 (Zornotzatik) errepideetatik bideratuko da.

Apirilaren 8an

Hurrengo egunean, aldaketak askoz arinagoak izango dira. N-637 errepidearen –Txorierriko Korridorea– 25. irteera bi noranzkoetan itxiko da 12:45etik 13:45era, gutxi gorabehera. Gainera, eraginak egongo dira N-634 errepidean, Iurreta eta Abadiño-Durango artean, 16:30ak aldera. Eragina handia izan daiteke bide-zati horretako ibilgailu astunen trafikoaren bolumena dela eta.

Ertzaintzak gogorarazi du herritarrek trafikoaren inguruko informazioa hainbat eratan lortu ahal dutela: telefonoz, eguneko 24 orduetan 011 zenbakira deituta; eta Interneten bidez,  www.trafikoa.euskadi.eus webgunean, @TrafikoaEJGV Twitter kontuan eta TrafikoaEJGV aplikazioan. Era berean, Euskadiko errepide-sarean kokatuta dauden panelen bidez ere emango da trafikoko eraginen eta murrizketen berri.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).