KORRIKAren zain

Aikor aldizkaria 2022ko api. 6a, 08:55

Euskararen aldeko lasterketa erraldoiak gaur, apirilak 6, zeharkatuko du Txorierri. Aurreikuspenen arabera, 16:41ean sartuko da Larrabetzutik eta handik Erandiogoikorantz abiatuko da. Bitartean, zain izango ditu euskaltzaleak eta korrikalariak. Horrela, KORRIKA txikiak antolatu dira eskoletan eta arratsaldean musika, jolasak, tailerrak eta txokolatea egongo dira herrietan.

Esaterako, Loiuko elkarteak, jai-batzordea, KORRIKA batzordea eta udal-langileak eta ordezkariak 10:00ak aldera batuko dira Lauroetako San Migel ermitan, ekitaldi berezia egiteko. Handik korrika abiatuko dira herriko plazara eta bidetik udalerriko ikastetxeetako bosgarren eta seigarren ikasleek eta irakasleek bat egingo dute lasterketarekin. Lekukoa ikastetxe bakoitzeko ikasle loiutarrek eramango dute. Plazara 11:45ak aldera ailegatuko dira eta ikastetxe bakoitzak erakustaldia egingo du. Ondoren, diskofesta egongo da. Udalaren esanetan, ekintzan 800 pertsonatik gora batuko dira.

Besteak beste, 16:45etik aurrera, haurrentzako jolasak eta txokolate-jana egongo dira Sondikako Ikurrina plazan. Sondikoztarrek 18:15ak inguruan hartuko dute KORRIKAren lekukoa Goiri Plazan. Hango udalak jakinarazi du aurten Euskadi-Ukraina elkarteak eramango duela lekukoa bere izenean. Kremlin txokoan txokolatea egongo da 19:15etik aurrera.

Derioko Marikobaso Espazioan 16:30etik aurrera izango dituzte txokolate, peto-tailerra, aurpegia margotzea eta musika. Zamudion txokolatea eta musika izango dituzte KORRIKA pasatu ostean, Amaitz tabernaren inguruan, eta taberna horren eta Bertokoren eskutik.  

Lezaman, bestalde, tailerrak izango dira plazan, eta KORRIKAk herria zeharkatu ondoren, bokatak eta edariak banatuko dituzte indarrak berritzeko.

KORRIKA pasatu ostean, Larrabetzun Mixerabliak taldeak kontzertua egingo du, eta txokolate beroa egongo da guztientzat, Txinpasmendi gurasoen elkartearen eskutik.

Amaitzeko, gogora ekarri behar da Txepetxa AEK euskaltegiak autobusa antolatu duela KORRIKAren bukaera-festara joateko. Bihar izango da izena emateko azken eguna: 607 598 794 edo txepetxa@aek.eus. KORRIKA martxoaren 31n irten zen Amurriotik eta, euskararen alde 2.000 kilometro baino gehiago egin ondoren, Donostiara ailegatuko da apirilaren 10ean.

KORRIKA Txorierrin

Larrabetzu: 16:41.

Lezama: 17:10.

Zamudio: 17:35.

Derio: 17:57.

Loiu: 18:21.

Sondika: 18:30.

Erandiogoikoa: 18:50.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).