“Euskararen herria gara”

Aikor aldizkaria 2022ko api. 11a, 13:57

Korrika atzo, apirilak 10, bukatu zen Donostian. Antolatzaileak poz-pozik agertu dira aurtengo kanpainarekin, batez ere “euskararen olatua berreskuratu” delako. “Amurriotik Donostiara Euskal Herriko errepideetan gertatu dena zinez indartsua izan da. Korrika egin da; hasteko, hori da AEK/Korrikaren poz nagusia, egitea, alegia. Korrikaren helburuetako bat guztiz lortu da: euskararen aldeko kontzientzia, herri-gogoa, hauspotzea. Herri bat gara, euskararen herria gara”, esan du Asier Amondo Korrikaren arduradunak.

Korrikak bigarren helburu bat ere badu, “bizi-bizirik segitzen duena”, dirua AEKri ekartzea, hain zuzen ere, eguneroko lana indartzeko. AEK-koek diotenez, azken urteotan aurrerapausoak eman badira ere, Euskal Herri osoan, helduen euskalduntzera bideratzen diren baliabideak ez dira nahikoak. Eta horregatik jarraituko dute lanean. “Korrika tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko, indibidualismoaren garaian taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko, eta, bereziki, tresna moduan erabiliko da euskararen alde urrats eraginkorragoak egin daitezen”. 

Ildo horri jarraituz, Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak aipatu du Korrikatik harago AEKren eguneroko lanek segitzen dutela; gaur bertan, adibidez, euskaltegiak zabalik daude “euskara lantzeko, gaitasun egokia eskuratzeko, gehiago erabiltzeko”. Era berean, deialdi berezia egin die euskaraz ezagutu ez eta Korrikan parte hartzen duten horiei: euskaltegietara joateko. Bestalde, erakunde publikoei euskara ikastea doakoa izatea eskatu die. “Euskal Herrian euskaraz bizitzeko, gakoa da helduak euskaraz aritzeko gaitasuna egokia zabaltzea, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere”. Bukatzeko, eskertu nahi izan du egunero eta Korrikan AEKren bat egiten duen jendea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).