EGAZen bitartez 433 pertsonak lana topatu dute eta 33 enpresa sortu dira

a: Hazilan programa (2021) 2022ko api. 29a, 11:22

EGAZ Txorierrik, ekonomia eta enplegua sustatzeko zerbitzuak, oso balorazio positiboa egin du 2021ean txorierritarrei zein enpresei emandako zerbitzuei buruz. “Erakundearen tresnak eta sinergiak baliagarriak izan dira erabiltzaileak lan-merkatuan sartzeko aukerak hobetzeko. Kasu askotan erraztu da eskualdeko enpresetan sartzea, prestakuntza-aukera berriak eskaini dira eta enpresa-ideiak garatzen lagundu da, baita enpresak sendotzen eta hazten ere”, azaldu dute. Horrela, bada, 433 pertsonak EGAZen bidez topatu dute lana, eta 33 enpresa sortu dira.  

Jakinarazitakoaren arabera, kontratatutako 433 pertsonaren % 12ri lanaldi osoko kontratu mugagabea egin diete. Iaz 5.156 pertsonak jo zuten EGAZ Txorierrira eta haietako 3.904 erabiltzaile berriak izan ziren. Bestalde, 20 urtetik 44 urtera bitarteko 68 txorierritarrek hartu zuten Hazilan programan parte, eta lanean txertatze-indizea % 70ekoa izan zen. Hazilan programaren helburua da parte-hartzaileen gaitasun pertsonalak eta profesionalak bultzatzea. Era berean, eskualdetako hainbat sektoretako enpresekin lankidetzan, prestakuntza-saioak ere antolatu zituen iaz EGAZek, baita ideia-lehiaketa ere, non 30 ekintzailek hartu baitzuten parte.    

EGAZ Txorierriren eta beste erakunde batzuen arteko sinergiei esker 28 lagun kontratatu dira Txorierriko Udalen eta Lanbideren kontrataziorako laguntza-programen baitan, eta txorierritar bik eskuratu dute Gobal Trainining nazioarteko beka. Horrezaz gainera, 16 urtetik 18 urtera bitarteko 254 gaztek eman zuten Ezagutu Aukeratzeko programan izena, lan-etorkizunari begira zuten zalantzak argitzeko asmoz.  

Enpresei dagokienez, EGAZek lagundu du 55 enpresa-proiektu garatzen. Proiektu horietatik 33 ipini dira martxan eta 55 lanpostu sortu dira. Guztira 1.433.160 euroko inbertsioa egin dute sustatzaileak, eta 939.950 euroko dirulaguntza jaso. Eskualdeko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko ekintzak ere egin dira, hala nola nazioartekotzea sustatzeko topaketak eta webinarrak, eta berrikuntzari lotutako proiektuak.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).