Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntza emango die AP-68 autobideko erabiltzaileei

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 12a, 12:56

Urritik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak AP-68 autobideko ibilbideak diruz lagunduko ditu eta, horretarako, hilean gastu-muga ezarriko da: askoz jota, 34,55 euro gastatuko dute Bizkaiko zatia erabiltzen dutenek; eta 50,54 euro, Arabakoa erabiltzen dutenek. Biak erabiliz gero, 85 euro ordainduko da hilean. 

Dirulaguntza jasotzeko, gidariek baldintza batzuk bete beharko dituzte: Bizkaian bizi eta pertsona fisikoa izatea; bidesariak ordaintzeko OBE edo VIA-T bat izatea eta matrikula bakar bati lotuta edukitzea; eta Interbiak enpresan izena ematea, bai bulegoetan, bai telematikoz, www.interbiak.bizkaia.eus helbidean. 

"Neurriak eragin zuzena izango du AP-68 autobidea lanera edo ikastera joateko erabiltzen duten pertsonen poltsikoan. Adibidez, Gasteizen lan egin eta Bilbon bizi den norbaitek 253 euro ordaintzen ditu hilean, eta neurri horrekin 85 euro gastatuko ditu. Kasu horretan, 2.000 euro inguru aurreztuko ditu urtean. Gainera, Bizkaian berdintasuna eta lurralde-oreka sustatzen duen neurria da. Aurreikuspenaren arabera, gastu-mugaren araberako dirulaguntzen urteko zenbatekoa bost milioi eurokoa izango da, eta dirulaguntzak Bizkaian bizi diren 18.000 erabiltzailerentzat izan daitezke", esan du Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko diputatuak.