“Gainera, jarduera ulertezin hauek agerian uzten dute egileen zitalkeria eta eskrupulorik eza, Europan gertatzen ari den drama erraldoiaren aurrean”, adierazi dute. Bestalde, esan dute EAJren Bizkaiko exekutibak jarraituko duela giza eskubideak urratzen dituen ekintza oro salatzen. “Eta gogoratzen jarraituko dugu gutxiengo batek egindako jarduerek eta pintadek ezin dutela ezabatu gizartearen gehiengoak gerra arbuiatzen duela. Oraindik ere ezin dugu ulertu eraso ulertezin hauen egileak Putinek ekarri duen gerra babestera zerk bultzatu ditzakeen. Erabat deitoragarria da gutxiengo bat Ukrainako inbasio militarra justifikatzen saiatzea, eta are gaitzesgarria da euren pintaden bidez biktimak berriz biktima bihurtu nahi izatea. Gehienak emakumeak eta haurrak dira, bizirik jarraitzeko, euren herrialdetik eta etxetik ihes egin behar izan zutenak”.