San Joan suak argituko du Txorierri

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 22a, 11:13

Bihar, ekainak 23, San Joan bezpera izango da, eta, arbasoek egin ohi zuten moduan, herrietan suak piztuko dira eguzkiari indarra emateko. Zaharra edo txarra ere erreko dugu, eta etapa berri bat hasi. Gainera, egun osoan ekintzak izango dira.

Derion, esate baterako, puzgarriak eta umeentzako tailerrak egongo dira eskolako patioan egun osoan, eta arratsaldean, dantzen agerraldia (Lainomendi dantza taldea), erromeria eta  txokolatea. Sua 21:30ean piztuko dute. Zamudion, musikaz eta jardueraz betetako ekitaldia izango dute 18:00etatik aurrera Bidekoetxe parkean. Sua 19:30ean piztuko dute, eta txitxi-burruntzia egin. Ondoren, Kantarelux musika-taldeak girotuko du jaia. Lezaman akelarrea antolatu dute San Joan bezperako. Afari-merienda egingo dute, dantzen alardea (Kurutze) eta abestiak kantatuko dituzte (Ekidazu). Sua 22:15ean piztuko dute. Bestalde, Larrabetzun sorginen gaua ospatuko dute, eta, ohikoa denez, argi-zuziak –txikiek, kandela argidunak- eskuan dituztela, sondikoztarrak kalejiran aterako dira sua piztera.

Loiun, Gozko Etxeko landan piztuko dute sua eta lehen aldiz Loiuko sorgina erreko dute bertan. Josu Andoni Begoña alkateak bere webgunean azaldu duenez, Mundakako usadioan oinarritutako ekintza izango da eta espero dute Loiun ere errotzea. Gazteek Lauroetako ermitatik sua piztuko den gunera eramango dute sorgina. Sua 22:15ean piztuko da eta dantza ere egingo da. Era berean, txokolatea eta musika-saioak egongo dira.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).