Zin-bidea, Ibilbide Historikoak programaren eskaintzen artean

Aikor aldizkaria 2022ko uztailaren 11

Ibilbide Historikoak programa Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena da eta uztailean, abuztuan eta irailean bisita gidatuak eskainiko ditu lurraldeko interes historikoko hainbat gunetara. Haien artean dago Zin-bidearen ibilbidea, Txorierritik pasatzen dena, Lezamatik eta Larrabetzutik hain zuzen.

Zin-bidea irailean eskainiko du Foru Aldundiak, eta parte-hartzaileek aukera izango dute Bizkaiko Jaunak foruak zin egiteko egiten zuen ibilbide bera egiteko. Ibilbide gidatuak hiru etapa izango ditu: irailaren 16an, Bilbotik oinez abiatuko dira Lezamako dorrera eta Andra Mari elizara, eta handik Larrabetzuko alde zaharrera eta San Emeterio eta San Zeledonio elizara; bigarren etapan, autobusez joango dira Bilbotik Larrabetzura, eta handik oinez Gernika-Lumora; eta hirugarren etapan autobusez abiatuko dira Bilbotik Gernika-Lumora, eta handik oinez Bermeora. Bestalde, hiru etapak autobusez egin ahalko dira egun bakar batean, irailaren 23an, 24an eta 25ean. Bisitak helburu nagusi bi ditu: alde batetik, gure historia ezagutaraztea, eta bestetik, Bizkaiko Foruen funtsa sakontzea, Euskadiko kudeaketa politikoan nola ezartzen diren ulertzeko.  

Bizkaiko Foru Aldundiak eskainiko dituen beste ibilbide historikoetako batzuk hauek dira: Katillotxuko estazio megalitikoa, Foruko herrixka erromatarra, Arrolako oppidum-a eta burdinolen ibilbideak. Informazio gehiago, hemen