Lehiaketan izena emateko epea azaroaren 30ean amaituko da, eta bideoak abenduaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dira. Lanak euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke, baina azpitituluak izan beharko dituzte beste hizkuntzan. Epaimahaiak hainbat irizpide hartuko ditu kontuan: originaltasuna, sormena, komunikaziorako metodo egokia, aukera-berdintasuna sexuen artean eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen artean, Txorierriko bizitza hobetzen duten proiektuak izatea, tokiko sareetan parte hartzea eta ingurumen-jasangarritasuna. Epaimahaiak abenduaren 21ean jakinaraziko ditu irabazleak, eta sarien banaketa 2023ko urtarrilaren 19an egingo da.
Sariei dagokienez, lehenengoak 500 euroko txartela jasoko du, produktu elektronikoak erosteko; bigarrenak eta hirugarrenak, 350 eta 150 euroko txartelak, hurrenez hurren. Txapelketaren aurreko edizioaren irabazleak, Wavers taldeak, neopreno adimentsuak saltzeko proposamena egin zuen. Neopreno horiek segurtasuna hobetzen dute surfa egitean: geolokalizazioa eskaintzen du, taupadak neurtzen ditu, automatikoki puzteko gaitasuna du...