Beste Bira, laugarrena Bizkaiko Kros Txapelketa Absolutuan

Aikor aldizkaria 2023ko urt. 10a, 11:55

Fitxaketa berriak eginda, Beste Bira Txorierri atletismo-taldeak urteko lehen hitzordu garrantzitsua izan zuen zapatuan, urtarrilak 8, Ortuellan: Bizkaiko Kros Txapelketa Absolutua. Txorierrikoek laugarren postua lortu zuten bertan. Bestalde, aipatu beharra dago klubak eskola- eta herri-krosa antolatu duela otsailaren 5erako Zamudion eta azken ukituak ematen dabiltzala.

Ortuellan ibili ziren Igor García Zárraga, Martin Mcgragh, Alberto Uzábal, Jonmi Trebolazábal, Luis Plasencia, Javi Allende, Oskar Martín, Rubén Fonseca eta Aitor Sanchoyerto. “Oso lorpen handia izan da talderako, batez ere kontuan hartuta aurtengo denboraldiari begira fitxaketa berriak egin direla. Txapelketan 11 klubek hartu zuten parte eta gu podium absolututik zortzi puntura gelditu ginen. Ez da makala”. Esandakoaren arabera, zirkuitu gogorra izan zen eta atletek euren onena eman zuten. Euskadiko eta Espainiako txapelketak ere zirkuitu horretan izango dira hil honetan.

Zamudioko krosaren harira, izen ematea hemen egin daiteke. Dortsala lasterketaren egunean bertan jaso behar da, eta lau euro ordaindu. Azaldutakoaren arabera, eskola-krosa Bizkaiko Foru Aldundiaren egutegiaren baitan egongo da eta lau kilometroko proba ere egingo da federatuentzat eta herri-lasterkarientzat. Gainera, 2016tik aurrera jaiotako umeentzako lasterketa ere izango da. Azken lasterketa hori Aitor Blanco Zamudioko jaurtitzailearen omenez egingo da, orain dela gutxi zendu da eta. Golardoak eta beste sari batzuk egongo dira herri-lasterketan sailkatutako lehen seirentzat, gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan, eta opariak ere zozketatuko dira parte-hartzaileen artean.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).