Txorierriko abesbatzek parte hartuko dute Bizkaiko Abesbatzen XLIX. Astean

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 2a, 10:01

Kontzertu-saila otsailaren 6tik 17ra bitartean izango dira Begoñako basilikan. Musika-emanaldiak 20:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da. Bizkaiko Abesbatzen Astean parte hartuko dute Zamudioko Kamara Koralak, Ekidazu Lezamako abesbatzak, Ipar Alde Derioko abesbatzak, Txuma Olagüe Sondikako talde koralak eta Txuma Olagüe Sondikako abesbatzak.

Zamudioko Kamara Koralak otsailaren 6an egingo du musika-saioa, eta abesti hauek kantatuko dituzte: Kyrie (Victor C. Johnson), Pater noster (Francesc Teixidó Ponce), Itsasoa gara (Ken Zazpi) eta Give us hope (James Papoulis). Saio berean izango dira Bermeoko Abesbatza, Schola Cantorum San Vicente (Barakaldo), Inmakuladako Abeslariak (Bilbo), eta Balmasedako Kolitza abesbatza.

Otsailaren 9an, Ekidazu abesbatzaren eta Txuma Olagüe talde koralaren txanda izango da. Lezamarrek kantatuko dituzte Ave verum (W. A. Mozart), Ayo ayo (Yuoa Clebata), 100 alargunen dantza (Thierry Biscary) eta Sagarra jo! (Kalakan); eta sondikoztarrek, Agur Maria (Aita Madina), Hemet mise (Franz Schubert), Bandura (Sergei Jaroff) eta Ilunabarra (Eduardo Morokoa). Egun horretan ere arituko dira Itxartu abesbatza (Getxo), Ars Viva (Bilbo) eta Zozoak abesbatza (Areeta).

Ipar Alde abesbatzak otsailaren 15ean egingo du saioa. Abesti hauek kantatuko dituzte: Ave Maria (J. Arcadelt), Duo Seraphim (Tomás Luis de Victoria), Prueba de amor (Arr. Manuel M. Guirao) eta Kitolis (Luis Aranburu). Haiekin batera, basilikan egongo dira Soinu Bidea abesbatza (Basauri), Zeanuriko Abesbatza eta Ondarreta eta Irutasun abesbatzak (Getxo).

Azkenik, Txuma Olagüe abesbatzak kontzertua egingo du otsailaren 16an, eta hurrengo hauek abestuko dituzte: Ave Maria (J. Arcadelt), Thula sizwe (zuluen abestia), Udazken koloretan (euskal abestia) eta Itsasoa gara (Ken Zazpi). Bilboko abesbatza hauek ere arituko dira egun horretan: Garaizarko Matsorriak, Coro Club Deportivo, Jatorki eta San Anton.