EAJ-PNVren Txorierriko alkategaiak aurkeztu ziren Derion

Aikor aldizkaria 2023ko mar. 6a, 11:29

EAJ-PNV alderdiak Txorierriko hautagaiak aurkeztu zituen zapatuan, martxoak 4, Derion. Esther Apraiz (Derio), Aitziber Oliban (Erandio), Jon Ander Aurrekoetxea (Lezama), Josu Andoni Begoña (Loiu), Borja Ramirez (Larrabetzu), Naia Landa (Sondika) eta Lander Aretxabaleta (Zamudio) bertan izan ziren. Gainera, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Aldundiaren hautagaia ere egon zen.

Udal- eta Foru-hauteskundeak maiatzaren 28an izango dira eta azken asteotan alderdiak hautagaiak aurkezten ibili dira. EAJ-PNVk Txorierriko alkategai guztiak batu zituen eta ekitaldi politikoa egin zuen zapatuan. Elixabete Etxanobek hitza hartu zuen: “Aurrera egiteko, ondo prestatutako erakundeak izan behar ditugu, gaurko beharrei eta biharko erronkei erantzuteko gai direnak. Eta argi daukat Aldundiak hurrengo urteetan izango duen zeregina: gure ongizate ekonomikoaren eta kalitatezko enpleguaren alde lan egitea; pertsona guztiak zaintzea eta babestea, eta zerbitzu publiko onenak eskaintzea. Udalak, aldundiak eta Eusko Jaurlaritza pertsona guztientzako segurtasun-sarea dira; elkarlanean oinarritutako sare sendoa, indarrak bilduz”.

Ekitaldia Derion egin zen, Esther Apraizen herrian eta berak ere hitz egiteko aukera izan zuen. “Jendearen zerbitzura egon behar dugu”, esan zuen alkateak. Apraizek bere lantalde “bikaina” azpimarratu zuen. “Ilusioz gainezka dagoen taldea, indarrak batzeko eta Derioren aldeko adostasunetara iristeko gai dena. Herriaren bizitzan inplikatuak. Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen taldea. Derioztar guztien ahotsa izateko prest dagoen talde bat”.

Hautagaiez eta EAJ-PNVren alderdien kideez eta jarraitzaileez gainera, hauek ere izan ziren ekitaldian: Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea; Mireia Zarate zamudioztarra, Euzkadi Buru Batzarreko idazkaria; Jane Eyre Urkieta, Busturia-Uribe barrutiko zerrendaburua, Txorierriko udalerriak bertan jasotzen baitira; eta Jesus Lekerikabeaskoa eta Aitor Landa, BBBko burukideak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).