Euskal Herrian hiru etapa izango ditugu: lehenengoa, Bilbotik Bilbora; bigarrena, Gasteiztik Donostiara; eta hirugarrena, Zornotzatik Baionara. Eta lehenengoak, hain zuzen ere, gurutzatuko du Txorierri. Etapa Bilbon hasiko da 12:55ean, San Mames futbol-zelaiaren alboan. Bizkaiko hiriburutik Loiurantz abiatuko dira txirrindulariak eta berehala pasatuko dira Zabaloetxe, Larrakoetxe eta Lauroeta auzoetatik. Ostean, hainbat udalerritan ibiliko dira, ordu batzuk beranduago Txorierrira berriro itzultzeko: besteak beste, Erandio, Getxo, Sopela, Plentzia, Bakio, Bermeo eta Gernika.
Kirolarien abiaduraren arabera Tourraren antolatzaileek kalkulatu duten moduan, lasterketa 16:26an helduko da Morga Ganara eta handik, Goikoelexea auzora (16:32an), Larrabetzura. Beranduago, Galdakaora desbideratuko da Elorritxuetatik eta berriro itzuliko da bailarara, Lezamara (16:57an), alegia. Bertatik, Tourrak gainerako herriak bisitatuko ditu BI-737 errepidetik: Zamudio (17:01ean), Derio (17:04an) , Loiu (17:06an) eta Sondika (17:08an). Sondikatik Bilboko helmugara heltzeko, txirrindulariek Pike Gana (17:14an) gainditu beharko dute, bi kilometroko zati benetan gogorra: % 9ko desnibela du eta, tarte batzuetan, % 15ekoa ere bada. Guztira, 182 kilometroko etapa izango da.
Tourra ikuskizun handia da eta, horretarako, euskal erakunde publiko guztiak ibili dira elkarlanean, Grand Départ Pays Basque 2023ren izenpean: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak, suhiltzaileak, Ertzaintza, larrialdietarako zerbitzuak... Erakunde publikoek iragarri zuten Tourra Euskal Herrira ekartzeak 12 milioi euroko aurrekontua zuela. Gune nagusia eta logistikoa Barakaldoko BECen kokatuko da.
Trafikoa etetea
Tourraren haritik prestatu den segurtasun-plana aurkeztu zen ekainaren hasieran eta han Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak esan zuen Tourrak mozte “garrantzitsuak” ekarriko dituela eta era batean edo bestean eragin handia izango duela herritarren “gehienengan”. Beraz, egun horietarako mugikortasuna aldez aurretik “planifikatzea” eskatu zuen. Izan ere, herritar askok oporrak hartuko dituzte uztailaren hasieran eta horrek ere eragina izango du gure errepideetan.
Oro har, lasterketa egin baino lehen, gutxienez lau ordu lehenago moztuko dira errepideak. Enekuritik Bilboko sarbideak arian-arian itxiko dira 8:00etatik aurrera, eta 18:15ak aldera normaltasuna berreskuratuko da. Artxandako tunelak, esate baterako, Txorierritik hasita, itxita egongo dira uztailaren 1ean, goizeko 6:30etik 18:30era Ugaskorako bidean (Deusturako noranzkoan); Begoñatik, berriz, 24 ordu iraungo du mozteak (ekainaren 30eko 22:00etatik uztailaren 1eko 22:00etara). Eta tuneletatik Salberaino (Rekalde Zumarkalerako noranzkoa), 8:30etatk 14:00etara itxiko da. Tourrak garraiobide publikoetan ere izango du eragina: trena, aireportua, autobusak....
Guztira, 1.800 boluntario ibiliko dira informazioa ematen, eta ibilbidean 166 sarbide jarri dira larrialdiak artatzeko. Gainera, 66 toki kritiko adierazi dira eta horietan segurtasun neurriak askoz handiagoak izango dira, bertan hainbat zaletu batuko direlako: esprint bereziak, anoa-postuak, ganak... “Leku horietan kontrolak askoz zorrotzagoak izango dira eta errepideak gutxienez aurreko egunean moztuko dira”, esan zuen Erkorekak. Pike Gana horietako bat da, esate baterako. Frantziako Itzulerak Bilbon izango du eragin berezia, ekainaren 28tik errepideak ixten hasiko baitira, lehenengo etapa hasi baino hiru egun lehenago. Egun horretan taldeak Etxebarria Parkean jarriko dira; eta hurrengo egunean, ekainaren 29an, Abandoibarran aurkeztuko dira.
Errutometroak, etapa bakoitzaren eskemak, Grand Départ Pays Basqueren webgune ofizialean kontsulta daitezke. Bestetik, herritarrek errepideetako gorabeheren berri jaso ahal dute 011 trafiko zerbitzuaren telefonoan, webgunean eta sare sozialetan. Era berean, mugikortasun-murrizketa guztiak Waze aplikazioan kargatuko dira laster. Zirkulazioaren aldaketak adierazteaz gainera, aplikazio horrek aukerako ibilbideak ere eskainiko ditu.