Lezamako Udalak hiru eremu bereizi ditu. Gune horia, mapak adierazten duen bezala, Tourraren ibilbidearen barruan dago eta han eragina erabatekoa izango da. Hau da, bertan bizi diren lagunak ezin izango dira ibilgailuz ibili, inguruko errepideak eta bideak itxita egongo direlako. Bestetik, A gunearen barruan Goitioltza auzoa dago, baita Garaioltzaren zati handi bat eta Aretxaldeko 157. zenbakitik 161. zenbakira, Kurtzeko etxebizitzak, ere. Hango bizilagunek Hilario Astorki plazako bidegurutzerantz joan ahal izango dira eta hortik, Txorierriko korridorera abiatu Larrabetzura norabidean. Azkenik, B eremuan, Kurtzea industrialdea eta Aretxalde auzoko 131. zenbakitik 155. zenbakira, autoa hartu ahal izango da korridorera joateko, Torrelarragoitiko biribilgunetik.
Duela aste batzuk, Lezamako Udalak karta bidali zien herritarrei, uztailaren 1a egun “historikoa” izango dela gogorarazteko. “Nazioarteko kirol ekitaldi handienetako bat gure kale eta errepideetatik igarotzen ikusi ahal izango dugu. Munduko txirrindulari onenetakoak biltzen dituen tropela gozatuko dugu. Ordu luzez luzatuko den festa handia izango da udalerri osoarentzat. Data hori erreserbatzera animatzen zaitugu, gure kale eta errepideetan Tourraren ikuskizunaz gozatzeko. Berezia izango da, udalerriko memoria kolektiboan iraungo duena, eta bertako protagonista bihurtu ahal izango zara. Egun hori Lezaman bizitzera gonbidatzen zaitugu”.