Tourra, Txorierrin

Frantziako Tourrak eragina izan du Zamudioko oinezkoengan zein ibilgailuetan

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 22a, 11:27

Frantziako Tourrak uztailaren 1ean bisitatuko gaitu eta Udalak lasterketak herri bakoitzean izango duen eragina dabiltza jakinarazten. Zamudioko Udalaren esanetan, Tourrak murrizketak ekarriko die oinezkoei zein ibilgailuei.

Txorierriko etorbidea uztailaren 1ean itxiko dute, 10:00etatik 18:00etara. Zamudioko Udalak ordezko sarrera eta irteera eskaini die gidariei: Txorierriko etorbideko hegoaldea, Torrelarragoiti industrialdetik; Txorierriko etorbidetik iparraldera dauden auzoak eta Parke Teknologikoa, handik Deriorako norabidean. Bestetik, oinezkoek eskolako pasabidea erabili ahal izango dute, baina ezin izango dira bertan Tourra ikusten gelditu. Istripuren bat izateko arriskua antzemanez gero, Udalak pasabidea itxiko luke.

Era berean, aparkalekuak kenduko dira. Ekainaren 30eko 08:00etatik uztailaren 1eko 19:30era arte, ezin izango da leku hauetan aparkatu: Recicard Desguace Ecológico de Bizkaia enpresaren ondoko bazterbidean; Derioko hilerriaren aurreko bazterbidean (Bilbo); Fundiciones Erandio enpresako aparkalekuan eta ondoko bazterbidean; West Rock enpresako eta Guzurraretxako aparkalekuetan; eta Txorierriko etorbideko txaleten aurreko aparkalekuan, 11. zenbakitik 15. zenbakira.

Azkenik, hainbat edukiontzi mugituko dira Txorierriko etorbidetik kentzeko, ekainaren 19tik uztailaren 3ra arte: Julen Guerrero eta Fuentene jatetxeetan, Toldos Txorierri eta Fundiciones Erandio enpresetan, Santimamiko gasolindegian, Marikobasoko sarreran, Lekunbiz auzoko 7. zenbakian, Guzurraretxan eta Txorierriko etorbideko 2., 5., 7., 8., 9., 10. eta 11. zenbakietan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).