Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urriaren 1ean hasiko da Mungian

a: Bertsozale 2023ko ira. 14a, 11:17

Atzo aurkeztu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Bilbon. Txapelketa sei kanporaketak, hiru finalaurrekok eta finalak osatuko dute, eta lehenengo kanporaketa urriaren 1ean izango da Mungian; finala, bestalde, abenduaren 16an jokatuko da Bilboko Bilbao Arenan. Leire Etxebarria Gaztelu larrabetzuarra epaile ibiliko da txapelketan zehar; eta Joseba Etxebarria Uriarte larrabetzuarra, antolatzaile-lanetan.

Kanporaketak urriaren 1etik azaroaren 1era bitartean egingo dira Mungian, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition. Finalaurrekoak Berrizen, Santurtzin eta Lemoan izango dira azaroaren 11n, 18an eta 25ean, hurrenez hurren; eta finala Bilbon, abenduaren 16an.

Kanporaketetan 36 bertsolarik kantatuko dute: Udabarria Bertsotanetik sailkatutako 30 bertsolarik eta 2021eko finalaurrekoetan kantatu zuten beste seik. Finalaurrekoetako fasera 11 bertsolari sailkatuko dira eta 2021ean finalista izan zirenak. Hiru finalaurrekoetako irabazleek eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak sailkatuko dira finalera.

Saioetako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean erosi daitezke. Sarrarik geratuko balitz, egunean bertan erosteko aukera egongo litzateke txarteldegian. Txarteldegia 16:00etan zabalduko da saioetan, finalean izan ezik: finalaren egunean 15:00etan zabalduko da.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).