Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak azaldu duenez, Europar Batasunak ezartzen dituen deskarbonizazio-jarraibideekin bat datorren eredua da, eta 3,5 tonatik gorako kamioi handiak CO2 isurketak murriztera bultzatzen ditu, ibilbide luzeak saihestuz. Era berean, zeharka bada ere, sistema horri esker, zirkulazio astuna eskualdeko errepideetatik edukiera handiko korridore eta bide handietara bidera daiteke, eta ibilgailu astunak udalerrietako hiriguneetatik igarotzea murrizten da. "Lehen fasea martxan jarri zenetik, kamioi handien trafikoa nabarmen jaitsi da, eta % 30 murriztu da BI-625 errepidean eta % 39 N-240 errepidean. Ordainketa sistemak garraio-sare berdeagoa eta eraginkorragoa sustatzen du; milaka kamioi dira egunero, kasu askotan lehenago hiriguneak zeharkatu ohi zituztenak, eta horrek ingurumenean eta segurtasunean eragiten du".
Bere hitzetan, helburua da salgaien errepideko garraioa bermatzea, jasangarria, eraginkorra eta ekonomikoki zein sozialki arduratsua izan dadin, eta sektorea bera aldaketaren eragile aktiboa izatea. Carlos Alzagak gogorarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak salgaien garraioaren sektorearekin duen konpromisoari eusten diola, eta laguntza-plan bat eskaintzen duela, kamioien modernizazioa eta lehiakortasuna sustatzeko laguntza ekonomikoko neurriak eta deskontuak barne hartzen dituena. Horrela, 948 garraiolari erregistratuta daude deskontuak jasotzeko, eta 2023ko urtarriletik 2024ko maiatzera bitartean guztira 365.000 euro jaso zituzten.
Bestalde, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak eta Ekonomia Sustatzeko Sailak elkarlanean dihardute sektorea modernizatzeko programa sustatzen, segurtasunean, energia-eraginkortasunean eta ingurune digitaletara egokitzean hobekuntzak eginez kamioiak berritzen laguntzeko. Programa horrek aurten 200 eskaera baino gehiago ebatzi ditu, eta guztira 593.000 euroko dirulaguntza eman du. Beraz, 1,5 milioi euroko hasierako aurrekontua agortu egingo dela aurreikusten da.