Suen kokapenari eta prestaketari dagokienez, sua inguru garbi batean piztu behar da, sastrakarik, paperarik, ehunik… ez dagoen inguru batean hain zuzen. Sua eraikin, linea elektriko eta zuhaitzetatik urrun piztu behar da, pilaketaren dimentsioak gehienez lau metrora mugatu. Era berean, haize handia badabil, sua bertan behera uztea gomendatzen da, arriskuak saihesteko.
Sua piztuta dagoela, suhiltzaileek ahokatzen dute lehergairik, likido sukoirik eta gas toxikoa edo kea sortu dezakeen materialik ez erabiltzea. Gainera, gomendatzen dute sutara objektu piroteknikorik ez botatzea, ezta ke kaltegarriak sortzen dituzten produkturik ere, hala nola aerosolak, zaborrak, pneumatikoak eta plastikoak. “Ezinbestekoa da heldu bat etengabe ikuskatzen egotea, bai sutara botatzen diren materialak kontrolatzeko, bai segurtasun-distantziak mantentzeko", azpimarratu du Asier Luja Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko ikuskariordeak. Era berean, aholkatu du, aurrea hartzeko, mahukaren bat, sua jotzekoak eta su-itzalgailuak izatea eskura.
Ospakizuna modu seguruan amaitzeko, Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileek gogorarazi dute garrantzitsua dela sua guztiz itzaltzea, ura erabiliz edo lurrez edo hareaz estalita. Izan ere, sua ondo itzali ez izana izaten da San Juan gauean larrialdi zerbitzuek aurkitu ohi dituzten gorabeheren iturri nagusietako bat. Larrialdirik gertatzen bada, jarri zuzenean SOS Deiak-ekin harremanetan 112 telefono zenbakira deituta.