Arabako ibilbide historikotik (II)

t/a: IƱaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2024ko uzt. 30a, 12:42

Aurreko alean hasitako ibilbidea jarraituko dugu, Arabako lurretatik ibilbide historikoa hain zuzen. Etapa honetan 17 km inguru egingo ditugu, baina, jakina, bakoitzak bere erara egokitu ahal izango du. Ibilbidea aurreko etapan utzitako lekuan hasiko dugu, Gesaltza-Añanan. Gari-soloen arteko bidexketatik aurrera egingo dugu eta beste batzuen artean, Tuestako eliza interesgarria gozatuko dugu. Etapako azken zatia menditsua da, eta zuhaitzen artetik doa gora eta behera. Angostoko kanpina eta monasterioa pasatu, eta Villanueva de Valdegovían amaituko dugu. Ibilbidetik kanpo, inguruan ere badago zer ikusi; hori arratsalderako utziko dugu.   

Añanan GR1eko marka zuri-gorriak aurkitu ditugu. Gatzaga (1) itzela atzean utzi, eta gora egin dugu herriko kale artean. Herritik irtetzean, pikota (2) topatu dugu, garai batean zigor publikoak jasotzeko lekua zena. Gari-soloen artean jarraitu dugu, bide eta pista artetik eta beti marrei jarraituta. Bost kilometro inguru egin ditugu eta Tuesta herrira heldu gara. Merezi du bertako elizako portiko erromaniko berantiar (3) ederra astiro behatzea, eta, bide batez, kapitelen artean erotismoz beteta dagoena topatzea. Zein asmorekin zizelkatu ote zuten? Ondoko etxe batean giltzak lortuz gero, barrura sartu gaitezke, bisitak merezi du eta.   

Aurrera egin dugu –nahi izanez gero, aukera dago Espejon sartu-irten bat egiteko–, eta hurrengo herria Villamaderne da. Kanpandorrea (4) elizatik bereizita dago eta hori ez da arrunta. Eliza gehienetan bezala, kanpaiak itzelak dira. Mendian sartu gara aurrerago, eta gora eta behera eginez jarraitu dugu ibilbidea amaitu arte. Urduñara doan errepidea gurutzatu dugu, mendian beste aldetik sartu gara, eta kanpinaren bazterretik Angostoko monasteriora (5) heldu gara. Zabalik aurkitu dugu eta barrura sartu gara. Jarraitu kartelei, eta hurbil dago batzarrak egiteko eta zin egiteko erabiltzen zen artea (6). Merezi du panelak irakurtzea, inguruko historia eta ohiturak ezagutzeko. Berriro sartu gara mendian eta gaurko etapa Villanueva de Valdegovían amaitu dugu. Bailarako udaletxea bertan dago.

Arratsalderako, inguruan badago zer ikusi. Villamaderne ondoan Bellojín auzoa dago eta bere ermita erromanikoak (7), nahiko abandonatuta dagoenak, beste garai batera eramango gaitu. Beste aldetik, Baronatarren dorretxea (8) ere badago, dotorea eta ondo berrituta, eta bisita gidatuak egiten dira hura ezagutzeko. Ondoko herrian, Villanañen, beste pikota (9) bat dago, XIV. mendekoa. Astirik eta gogorik izanez gero, Villanueva inguruan eskalada egiten den leku zoragarriak daude bisitatzeko. 

Ibilbidea

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).