Elkarretaratzea Sondikan, Kurtzeko jaietan izandako eraso matxista gaitzesteko

Aikor aldizkaria 2024ko ira. 16a, 13:29

Sondikako Udalak jakinarazi duenez, barikuan, irailak 13, eta Santa Kurtzeko jaien testuinguruan, bi neskak salatu zuten futbol-zelaiaren inguruan gizon bat ukitu lizunak egiten ari zela haiei zuzenduta. “Udaltzaingoa, ertzaintza eta erasotuak elkarrekin aritu ziren gizonezkoa identifikatzeko”. Elkarretaratzean 150 pertsona inguru batu ziren. Udalak eta Garrasia talde feministak deituta, atzo arratsaldean elkarretaratzea izan zen Larrabarrenan, “edozein indarkeriarekin aurka agertzeko eta erasoa jasan duten emakumeei bakarrik ez daudela adierazteko”.

Bestalde, baterako adierazpenean jaso duten moduan, “gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu eraso matxistaren aurrean, eta babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu erasoa jasan zuten emakumeei”. Era berean, argi eta agi utzi dute ez dutela emakumeen aurkako inolako indarkeriarik onartzen. “Emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxista oro arbuiatzen ditugu”. Euren hitzetan, Sondikan gertatutako ez da kasu isolatua, sistema baten ondorioa baizik. “Herritar guztiei indarkeria matxistaren aurrean zero tolerantzia izan dezatela eskatzen diegu. Indarkeria matxistarekin amaitzea guztion ardura eta erantzukizuna da. Gogorarazi nahi dugu emakumeok eskubidea dugula jaiez beldurrik gabe gozatzeko, eta une oro, seguru sentitzeko. Horrelako jokaerek ez dute lekurik gure udalerrian”.

 

Pintadak Lezaman

Beste aldetik, Lezamako sarreretan dauden indarkeria matxistaren kontrako paneletan zakilak pintatu dituzte. “Ozenki diogu ez dugula Lezaman horrelako erasoak onartuko eta oraindino ozenago diogu nahiz eta batzuei ez gustatu indarkeria matxistarik gabeko Lezama baten alde lanean jarraituko dugula. Matxiruloak kanpora!”, adierazi du Moreak Lezamako talde feministak pintadak gaitzesteko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).