200 lagunetik gora bildu ditu Euskaraldia ON! topaketak Eibarren, herritarren aktibazioan lehen pausoak egiteko

Aikor aldizkaria 2024ko ira. 27a, 14:02

Euskal Herri osotik ailegatutako 200 lagunetik gora bildu ziren atzo, irailak 26, Eibarreko Coliseo antzokian, Euskaraldia ON! Topaketan parte hartzeko. Euskaraldiaren laugarren edizioa egingo da 2025eko maiatzaren 15etik 25era, eta atzokoa izan da ariketaren lehen mugarria. Antolaketan ibili diren edo ibiliko diren boluntario, teknikari eta eragileek herritarren aktibaziorako modu eta molde berrien proposamenak entzun dituzte. “Izan ere, herrietako mugimendurik gabe ez da Euskaraldirik posible izango. Gaur irudikatu dute, beraz, Euskaraldiaren laugarren edizioaren lehen urratsa”, azaldu dute antolatzaileek.

Irati Iciarrek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, topaketa ireki zuen. “Konbentzituta nago handia dela herriz herri elkarrekin egingo duguna”, adierazi zien bertan bildutakoei. Horrekin batera, Euskaraldia ariketa bera jendea aktibatzeko eta saretzeko “tresna ezin hobea” izan daitekeela gaineratu zuen: “ahalik eta komunitate zabalena jarri nahi dugu dantzan, euskararen alde”. Garazi Azkuek eta Goiatz Urkijok, Euskaraldiaren komunikazio arduradunak eta koordinatzaileak hurrenez hurren, hurrengo edizioaren hainbat gako eman zituzten, “gozatzeko, hunkitzeko eta ongi pasatzeko aukerak” izango ditugula nabarmenduz.

Ondoren, Kike Amonarriz eta Manex Agirreren -Gorbeialdeko euskara teknikaria- txanda izan zen. Azken bi hizlariek euskararen bueltan herritarrak aktibatzeko gakoak eskaini zituzten. Herrietan Euskaraldiaren antolaketara kideak batzeko modu berriak proposatu zituzten, eta helburu horrekin aurkeztu zuten Euskara aktibatzaileen gida-liburua, Euskaraldiak ondutako gida praktikoa. Gidak emango ditu, beraz, Euskaraldiaren mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko, ekintzak antolatzeko eta indarberritzeko hainbat gako.

Topaketaren bukaeran, ostera, ezusteko polita izan zuten bertaratu zirenek: Bulego musika taldeko Tomas Lizarazu izan zuten oholtza gainean, eta bi kantu interpretatu aurretik, animoak eman eta euskararen biziberritzean “ezinbestekoak” zirela gogorarazi zien han bildu zirenei.

Herrien izen-ematea irekita

Ehunka herritan sortutako batzordeek ahalbideratu dute hasieratik Euskaraldia. Aurreko ediziotan 400dik gora herritan antolatu zen ariketa; herritarrek, euskara elkarteetako kideek, udaletako ordezkariek edota entitateetako arduradunek osatutako batzordeek antolatzen dute Euskaraldia herriz herri.

Laugarren edizio honetarako ere egin dute antolatzen hasteko deia “batu eta osatu batzordea, eman izena Euskaraldian!”. Dagoeneko dute herriek izena emateko aukera, www.euskaraldia.eus gunean bertan. Norbanakoen txanda, ordea, 2025eko martxoan izango da; orduan izango dute belarriprest eta ahobizi guztiek Euskaraldian izena emateko aukera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).