Emakumeen kontrako indarkeriari lotutako 70 kasu erregistratu ziren iaz Txorierrin

Aikor aldizkaria 2024ko aza. 27a, 13:26

Datuak Anpuluek Txorierriko neska gazteen elkarteak eta Zutunik! Larrabetzuko talde feministak jakinarazi dituzte Azaroaren 25aren harira, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Indarkeria Matxistaren Behatokitik jaso dituzte. Datu horien arabera, Ertzaintzak bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako 54 indarkeria-kasu erregistratu zituen 2023an Txorierrin. Horrezaz gainera, familiaren baitan gertatutako lau kasu erregistratu zituen, eta sexu-indarkeriari lotutako 12 kasu. Guztira 70 kasu erregistratu ziren.

Aurreko urteko datuekin alderatuta, emakumeen kontrako indarkeria dela-eta erregistratutako kasuek gora egin dute, 2022an 55 kasu izan baitziren; hortaz, 2023an 15 kasu gehiago erregistratu zituen Ertzaintzak. Zehatz-mehatz, bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako 43 indarkeria-kasu erregistratu ziren; zazpi kasu, familiaren baitan; eta bost kasu, sexu-indarkeriari lotuta. Aurtengo datuei dagokienez, 2024ko lehen hiruhilekoaren datuak jaso dituzte Indarkeria Matxistaren Behatokian. Horien arabera, urtarriletik martxora bitartean, bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako 21 indarkeria-kasu erregistratu ziren; lau kasu, familiaren baitan; eta hiru kasu, sexu-indarkeriari lotuta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).