Zonaldearen arabera, berbena udaberrian eta udan loratzen da. Sendabelar moduan erabiltzeko, erabat loratu baino lehen batu behar da. Itzalpean eta ondo aireztatuta dagoen leku batean sikatu behar da. Ondoren, flasko hermetiko txikietan gorde behar da.
PROPIETATE SENDAGARRIAK
Landare antiseptikoa eta arazgarria da, eta bere propietateen artean nabarmendu daiteke lasaigarria, erreuma-kontrakoa eta analgesikoa dela.
Barne-erabilera
sendagarriak
Oso landare gomendagarria da arnas sistemako arazoak eta hainbat min arintzeko. Hala ere, infusioa neurriz edan behar da beti, eta ezin da tratamendu luzerik egin; gehienez 3-6 egun iraun behar du. Kanpo-erabilerak gomendagarriagoak dira.
Buruko min handia izanez gero, infusioa edan daiteke. Era berean, berbena-alkohola erabilita, igurtziak egin daitezke kopetean eta lokietan.
Bronkitis-kasuetan, infusioa hartu daiteke, edo bularrean edo bizkarrean enplastuak ipini. Nolanahi ere, enplastuak bakarrik hiru egunez ipini ahalko dira.
Barne-infekzioetarako ere edan daiteke infusioa.
Hainbat min arintzen ditu; hala nola, hilekoaren mina, menopausiari lotutako minak, giharretako minak, lunbagoa eta bihurrituak. Kasu horietan ere infusioa edan daiteke, edota ukendua edo konpresak ezarri.
Infusioa: koilaratxokada bat berbena erabili behar da ur-katilukada bakoitzeko. Egunean bi katilukada edan daitezke. Nolanahi ere, aurreko lerroetan esan moduan, kontu handiz edan behar da eta ez da tratamendu luzerik egin behar. Kanpo-erabilerarako bada, berbena-kantitate gehiago bota daiteke, eta infusio kon- tzentratuagoa egin.
Kanpo-erabilera
sendagarriak
Eztarriko arazoak eta amigdalitisa arintzeko, gomendagarria da infusioa erabilita gargarak egitea.
Sinusitisa arintzeko, gauean enplastua ipin daiteke kopetean eta masailetan, gehienez hiru egunez. Hurrengo egunetan berbena-ukendua erabil daiteke.
Zornea kentzeko eta infektatutako zauriak eta babak sendatzeko, edo larruazalean zerbait sartuz gero, gunea berbena-infusioarekin garbi daiteke, eta hiru egunez enplastuak ipini. Zauria sendatu ez bada, aste bat pasatuta berriro egin daiteke tratamendua. Ukendua erabiltzea ere bada gomendagarria.
Zelulitis-kasuetan, konpresak ipin daitezke, edo berbena-alkohola erabilita igurtziak egin.
Enplastua: eskukada bat berbena fresko, oliba-olioa eta arrautza baten gorringoa. Berbena zartagin batean ipiniko dugu olio apur batekin. Berbena biguntzen denean, gorringoa bota, eta tortilla egingo dugu (berbena-tortilla ere esaten zaio enplastuari). Oihal edo benda batez bildu, eta artatu beharreko eremuan ezarriko dugu, ahalik eta beroen. Enplastua hiru egunez erabili behar da, eta zazpi egunez deskantsatu.
Igurtzietarako eta konpresetan erabiltzeko alkohola: 70 g berbena eta 200 ml alkohola, 70 edo 90 gradukoa. Beratzen izan behar da 7-9 egunez. Ondoren, iragazi eta ontziratu behar da, eta argitik babestu.
Olioa eta ukendua: hostoak, olioa eta erle-argizaria. Olioa egiteko, kazola batean berbena-hosto sikuak ipini behar dira eta olioz erabat estali. Su motelean berotu behar da 5-15 minutuan. Hozten utzi behar da. Hostoak kataplasma moduan erabil daitezke; eta olioa, igurtziak edo masajea egiteko. Bestalde, ukendua egiteko, hostoak iragazi eta oliotan erle-argizaria berotu behar da, harik eta desegiten den arte (10-15 g argizari bota behar da 100 ml olio bakoitzeko). Pote txikietan sartu behar da.
KONTRAINDIKAZIOAK
Esan moduan, ez da oso landare gomendagarria barne-tratamenduak egiteko: edaten bada, ez da tratamendu luzerik egin behar. Haurdun daudenek ezin dute infusioa edan. Tradizioz kanpo-erremedioak erabili dira, adibidez, tortilla eta ukendua.