Ana Mezo Basaras larrabetzuarra da mugimenduko kidea, eta azaldu digunez, helburua da “gure bizitzako azken fase honetan bizitza duina izateko aukerak, baldintzak eta baliabideak izatea”. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak zazpi urtean aldarrikatu du gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, baina, Mezoren esanetan, bizitza asko garestitu egin da eta diru-kopuru hori ez da nahikoa gaur egun. “Diru-kopuruz berba egiten dugunean, beti oinarritzen gara Europako Gutun Sozialean eta bertan batutako irizpideetan. Gure ustez, beste salto bat egin behar da kuantitatiboki eta kualitatiboki, eta horregatik proposatzen dugu gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea, % 100ean”. Adierazi moduan, erreferentziatzat Estatuko lanbide arteko gutxieneko soldata hartu dute, “gaur egun indarrean dagoena delako”. Hala ere, herri-ekimenean jaso dute lanbide arteko gutxieneko soldata handituz gero gutxieneko pentsioa horrekin parekatuko dela. “Are gehiago, inoiz EAEn lanbide arteko gutxieneko soldata propioa onartzen bada, gutxieneko pentsioa soldata propio horrekin parekatzea jaso dugu”. Era berean, pentsioaren igoera ofizioz egitea eskatu dute. “Hau da, pentsiodunek igoera zuzenean izatea, inongo izapiderik egin behar gabe. Azken batean, erakundeek badituzte gure datu guztiak, eta izapideak askotan korapilatsuak dira nagusientzat”.
Herri Ekimen Legegilea lege bihurtzen bada, neurriak 100.000 lagunengan izango du eragina. Horien % 70 emakumezkoak dira. “Etxean ibili dira lanean, zaintza-lanak egiten… eta etxetik kanpo lan egin badute, modu prekarioan izan da, lanaldi partzialeko lanetan… Horrela, portzentaje horretako emakume gehienek 850 euroko baino gutxiagoko pentsioa dute”. Bestalde, Mezok adierazi du neurriak kontuan hartuko dituela pertsona indibidualaren diru-sarrerak, eta ez bizikidetza-unitatearenak, zenbait laguntzen kasuan gertatzen den moduan.
Badago eskumena
Egin beharreko lana eta tramiteak eginda, pentsiodunen mugimendua sinadurak biltzen hasi da. Alde batetik, eskutitzak prestatu dituzte udaletako alderdi politikoei eta idazkariei emateko. Eskutitzetan azaltzen diete herri-ekimenaren helburua zein den, eta eskatzen diete egitasmoarekin bat egiteko eta sinadura-bilketa errazteko baliabideak ipintzeko. Beste aldetik, herrika antolatzen hasi dira eta, besteak beste, udalerrietako ekintza eta hitzordu esanguratsuak baliatuko dituzte sinadurak batzeko. “Hamazortzi urtetik gorako edozein pertsonak sinatu dezake. Atzerritar Nortasun Zenbakia aurkeztuta, kanpotik etorritakoek ere sinatu dezakete, nahiz eta Espainiako nazionalitatea ez izan”. Apirilaren 24ra arteko epea dute sinadurak batzeko, baina Gabonak tartean, prozesua apur bat atzeratu da eta hilabete bateko luzapena eskatu dute. “Gure asmoa da 10.000 sinadura baino gehiago batzea. Nolanahi ere, helburua lehenago betetzen badugu, baliteke sinadurak ere esandako data baino lehenago aurkeztea”.
Sinadurak aurkeztu ostean, Eusko Legebiltzarreko alderdiek komisioetan aztertuko dute herri-ekimena, eta eztabaida egingo da. “Osoko bilera izango da, eta gutariko batek bertan parte hartzeko aukera izango du gure herri-ekimena defendatzeko. Gero erabakiko da lege bihurtzen den”. Pentsiodunak baikorrak dira. Aipatu bezala, oso ondo oinarritutako testua osatu dute, eta badakite proposamena aurrera ateratzeko eskumena dagoela. Gainera, Mezok gogora ekarri duen moduan, neurria ez da bakarrik gaur egungo pentsiodunentzat izango; atzetik datozenentzat ere bada. Azkenik, aurreratu du herri-ekimena babesteko manifestua egin dutela eta hori 284 pertsona ezagunek sinatu dutela. Otsailaren 4an, 18:00etan, ekitaldia egingo da Bilboko Kafe Antzokian, jendaurrean aurkezteko.