Propietate tonikoak eta aromatikoak ditu: digestioari laguntzen dio, eta emenagogoa, tonikoa, gosegarria eta bermifugoa da. Hostoak eta loreak loraldiaren hasieran, udaren hasieran, batzen dira, eta sortetan sikatu behar dira leku siku eta epel batean. Ondo gordetzen bada, usaina mantentzen du.
Propietate sendagarriak
Bere propietateen artean aipatu daiteke digestioari laguntzen diola eta tonikoa eta gosegarria dela. Era berean, emenagogoa eta bermifugoa da. Infusioak oso zapore gogorra duenez, ohikoa da beste prestakin batzuk egitea, hala nola tinturak eta ardo sendagarriak, jateko gogoa pizteko eta urdaileko, hasteetako eta behazuneko mina arintzeko. Hormonak erregulatzen dituzten bi flabonoideri esker, medikuntza tradizionalean erabiltzen da hilekoa etorrarazteko edo erregulatzeko. Tonikoa da eta propietate bizkorgarriak ditu.
Aurreko lerroetan aipatu dugunez, landare mingotsa da asentsioa, digestioari laguntzen diona, eta horregatik, gehienbat ardo sendagarriak egin ohi dira bere ahalmenaz baliatzeko.
Asentsio-ardoa: 30 g hosto eta lore, litro bat ardo zuri, 50 ml pattar edo vod-ka eta 100-200 g azukre edo ezti. Beti landare sikua erabili behar dugu, prestakina ondo mantentzea nahi badugu. Poto hermetiko batean beratzen ipiniko dugu asentsioa ardoarekin eta vodkarekin batera. Astebetez izango dugu beratzen eta egunero eragingo dugu. Astebete pasatuta, iragaziko dugu eta azukrea gehituko diogu; ondo nahasiko dugu. Botilan sartuko dugu, etiketa ipiniko diogu eta leku fresko eta siku batean ipiniko dugu, argitasunetik babestuta. Gomendagarria da bizpahiru hilabete pasatu ondoren edatea, zapore biziagoa izango du eta. Otorduak baino lehen edan daiteke edalontzi bat asentsio-ardoa, jateko gogoa pizteko eta digestioari laguntzeko. Otordu oparoen ostean ere edan daiteke. Nolanahi ere, neurriz hartu behar da beti.
Ortuan
Asentsioak propietateak ditu izurriak eta parasitoak uxatzeko, eta propietate intsektizidak ere baditu; propietate horiek XII. mendetik dira ezagunak. Tradizionalki sitsak, arkakusoak… uxatzeko erabiltzen zen etxe, korta eta oilategietan. Ortuan ere erabili daiteke. Horretarako, asentsio-mazeratua prestatu dezakegu. Euri-ur 10 litro bakoitzeko kilo bat landare fresko (ondo txikituta) erabiliko dugu. Hamar egunean izango dugu beratzen, eta egunean behin eragin. Intsektizida moduan erabiltzeko, % 10era diluitu behar dugu, eta herdoilaren aurkako fungizida moduan, diluitu barik.
Bitxikeriak
Asentsioa wermut esaten da alemanez, eta asentsioa hain zuzen da bermuta prestatzeko erabiltzen diren landareetako bat. Katalunian, bestalde, ratafía egiten da, eta jatorrizko errezetan 17 landare aromatiko daude, eta haien artean, asentsioa.
Absenta, “Maitagarri berdea” moduan ere ezaguna, anis-zapore arina duen edari alkoholduna da, eta ukitu mingotsa du. Mingostasun hori bere elaborazioan erabiltzen diren belarrak direla-eta du, eta artemisa absinthium nagusi da belar horien artean. Edari ezaguna izan zen Pariseko XIX. mende amaierako artisten eta idazleen artean, eta edan zuten 1915ean debekatu zen arte. Edariaren konposizio nagusia da asentsioa, mihiluaren loreak eta anisa, eta konposizio horri “hirutasun santua” deitu zaio modu barregarrian. Gustuen arabera, beste landare batzuetako kantitate txikiagoak ere erabili dira, adibidez, isipu-belarra, garraiska, aingeru-belarraren sustraia, erregaliza edo intxaur muskatua.
Kontraindikazioak
Luzaro edaten bada, toxikoa izan daiteke. Haurdun daudenek ezin dute edan.
Landareak batzeko aholkuak
Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai daitezen; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli ahal zara, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.
Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; inoiz ez areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.
Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean bertan; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.
Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…