Etxanobek Txorierrin amaitu du Bizkaiko eskualdeetara egindako bisitaldia

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 12a, 11:56

Ekainaren 10etik hona, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia lurraldeko eskualdeetara joan da eta hango erakunde-eragileekin batu da, “eskualde guztiak aukera-gune bihurtuko dituen Bizkaia lortzeko, herritar guztientzako garapen-eta ongizate-proiektuak sortuz”, adierazi dute prentsa-ohar baten bidez. Atzo, otsailak 11, Txorierrin izan zen eta bisitaldiak berton amaitu zituen.

Bisita Txorierriko Mankomunitateak Derion dituen bulegoetan hain zuzen izan zen. Bertan batu zen Esther Apraiz Derioko alkatearekin, Naia Landa Sondikako alkatearekin, Amaia Lekue Larrabetzuko alkatearekin, Josu Andoni Begoña Loiuko alkatearekin, Lander Aretxabaleta Zamudioko alkatearekin eta Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkatearekin. Azaldutakoaren arabera, “topaketan eskualdeko herritarren bizi-kalitatea hobetzeko hainbat gai jorratu dira, hala nola irisgarritasuna, mugikortasuna, gizarte-zerbitzuak, ingurumena eta Mankomunitatearen funtzionamendua hobetzeko hainbat proiektu”.