Horren adibide garbia da Foisisi, Itoiz taldeko gitarra-jotzaile mitikoari, egin genion elkarrizketa. Bere musika-ibilbide handia izan genuen hizpide, eta elkarrizketaren amaieran kontatu zigun Bilboko Orkestra Sinfonikoaren musikaria zela eta bertan kontrabaxua jotzen zuela. Era berean, entsegu orokor batera joateko gonbitea egin zigun, orkestra sinfoniko bat ikusteko eta entzuteko esperientzia gozatu genezan. Emaúseko kideok ez genuen inongo zalantzarik izan gonbidapena onartzeko orduan, eta badira hiru urte haiek ikustera joaten garela.
Bisitak beti dira bereziak. Izan ere, musikak aldatuz doaz eta gonbidatutako artistek ukitu ezberdina ematen diote kontzertu bakoitzari. Ekitaldia non egiten den ere aipatu beharra dago: Euskalduna Jauregia. Mikel Bilboko Orkestra Sinfonikoaren langilea da, eta bere eskutik ezagutu eta ulertu ditugu lekuaren istorioa, eraikinak itsasontzi-forma zergatik duen eta beti harritzen gaituzten hainbat xehetasun.
Aurten, Tatsuya Shimono zuzendari japoniarraren lanaz gozatu dugu, zeinak orkestra maisukiro zuzendu baitu. Shimonoren zuzentzeko moduak eta mugimenduek harritu gintuzten PAI Bitartean eguneko zentroko kide guztiok, eta entzun genituen melodiek ere aho bete hortz utzi gintuzten. “Hain gustura egon gara, ezen ez baikara konturatu denborak aurrera egin duela”, esan zuten ba-tzuek. “Gehiagotan etorri behar dugu”, aipatzen zuten beste batzuek. Horrela, goiz polit-polita pasatu genuen sentsazioa genuela, agur esan genion Bilboko Orkestra Sinfonikoari. Txaloaldi handia ere egin genuen, eta espero dugu orkestrako musikari guztiek jaso izana.
Beste behin ere, hurrengo gonbidapenaren zain gaude, aukera paregabea delako PAI Bitartean eguneko zentroan artatzen ditugun pertsonek harreman zuzena eta hurbila izan dezaten, besteak beste musikarekin, musikariekin eta hainbat instrumenturekin.