Asteburuan ‘Faisaien irla’ pelikula ikusteko aukera egongo da Derion

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 16a, 12:23

Euskaraldiaren egitarauaren baitan, asteburu honetan Asier Urbietak zuzendutako Faisaien irla pelikula emango da Derioko Gurea Aretoan. Zehatz-mehatz, bi emanaldi egongo dira: bata zapatuan, maiatzak 17, 20:00etan, eta bestea domekan, maiatzak 18, 19:00etan.

Faisaien irla munduko kondominio txikiena da, eta beraz, burujabetza partekatua dauka: urte erdia Espainiako Estatuari dagokio, eta beste erdia, Frantziako Estatuari. Laida eta Sambou irla paretik paseatzen doaz eta bi pertsona ikusten dituzte ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk beranduago, estatu batek besteari burujabetza ematen dion ekitaldian, hilotz bat agertzen da irlan. Zein estatu arduratuko da hilotzaz?

Urbietak muga eta bere inguruan sortzen duen larrialdi humanitarioa hausnartzen ditu pelikulan. “Zer da muga? Bi herrialde bereizten dituen marra imaginarioa? Gizakiak sorturiko fikzio bat errealitate bilakatu dena”. Bidasoak modu naturalean muga bat sortzen du ibaiaren alde bakoitzera. “Muga horri beste bat batu diogu: bi estaturen arteko muga izatea. Horrek ondorio handiak ekarri dizkie bertan bizi diren pertsonei”. Bestalde, Bidasoako muga oso garrantzitsu bilakatu da Afrikatik Europara migratzen duten pertsonentzat ere bai. “Europa barruan aurkitzen duten lehenengo muga baita. Europako barne-muga, mugarik gabeko Europan. Azal-kolorearen arabera zeharkatu dezakezuna. Poliziak ez die etorkinei muga pasatzen uzten. Beraz, Frantziara igaro nahi duten pertsona asko saiatzen dira uste baino arriskutsuagoa den ibaitik pasatzen. 2021eko apiriletik hona, bederatzi pertsona hil dira Bidasoako mugan: bost itota, hiru trenak harrapatuta eta bat urkatuta”.

Ekintzak Larrabetzun

Beste alde batetik, gaur, maiatzak 16, bi ekintza izango dira Larrabetzun Euskaraldiaren harira. 18:00etan Kneecap filma emango da Hori Bai gaztetxean, eta ondoren solasaldia egongo da. Gero, 20:15etik aurrera, kalejira izango da gaztetxetik hasita. Kalejira girotuko dute Kantarrana Bandek eta Itallen bertso-eskolak.