Mankomunitateak protokoloa sortu nahi du atzerritik etorritako bizilagunei harrera egiteko

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 27a, 14:11

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak eta hura osatzen duten udalek atzerritik iritsitako bizilagun berrientzako harrera-protokoloa sortzeko asmoa dute. “Horretarako, hausnarketa egin nahi dugu herritarrekin eta eragileekin migrazioari heltzeko moduari buruz eta, bereziki, Txorierrira beren bizitza-proiektua garatzera iristen diren atzerritar jatorriko pertsonen harrerari buruz”, azaldu dute. Guztira hiru hausnarketa-saio antolatu dituzte ekainerako.

Saioak Derioko Kultur Birikan, 18:00etatik 20:00etara, egingo dira ekainaren 5ean, 12an eta 19an. Saioetan parte hartuko den konfirmatu behar da ekt@txorierri.eus (Esti Cuesta) edo berdintasuna@txorierri.eus (Anne Enbeita) helbide elektronikoetara idatzita. Saioen helburua da “ezberdinen arteko gutxieneko kontsentsu batzuk lortzea, kontsentsu horietatik abiatuta tokiko harrera-politiketan sakontzeko”. Mankomunitatearen hitzetan, “Txorierri harrera egokia egiten duen herria izatea nahi badugu, pentsatu behar dugu harrera nola ulertzen dugun. Horretarako, Txorierrin bizi garenon beharrak ezagutu behar dira, eta bestetik, iritsi direnen beharrak. Gainera, ikusiko dugu zer eskaini eta partekatu ahal dugun eta elkarri zein ekarpena egin ahal diogun, eta adostuko dugu zein harrera-mota egin nahi dugun. Azken batean asmoa da bakoitzak zer erantzukizun dugun aztertzea eta harrera antolatuagoa eta pentsatuagoa zehaztea gure komunitatea indartzeko”.