Astalikardua

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 9a, 14:06

a: wikipedia / José Verón-Durand

Silybum marianum. Mediterraneoko herrialdeetako eta Asiako landarea da eta grekoen eta erromatarren garaitik erabiltzen da. Gaur egun, planetako alde gehienetan dago eta itsas mailatik 1.300 metroko altuerara arte topatu daiteke. Batez ere Europako hegoaldean hazten da, lugorrietan, errepide ertzetan edo eremu epeletako zelaietan. Bi urtez behingo landare belarkara da, eta bi metroko altuera ere izan dezake. Hosto handiak ditu, berde distiratsu kolorekoak eta orban zuriak dituztenak. Hostoak hori koloreko arantza finetan amaitzen dira, eta iletxoak dituzte beheko aldean. Purpura koloreko loreak ditu, eta udan loratzen da, ekaina eta abuztua bitartean. 

Penintsulan astalikardua ugariagoa da zapata-kardua (Silybum eburneum) baino, nahiz eta kontuan izan behar den noizean behin bi espezieak hibridatzen direla. Zapata-karduak ez du 1,5 metro baino gehiago neur-tzen, eta bere hostoak ez dira hain jaspeztatuak. Loreak, bestalde, zuriak edo krema kolorekoak dira batzuetan.

Sukaldean

Lehen urteko sustraia, lorea garatu baino lehenagokoa, egosita har daiteke zopetan edo saldetan. Arantzak kenduta, hosto gazteak, samurrenak barazki moduan jan ditzakegu entsalada, salda edo irabiatu berdeetan. Infusioetan erabiltzeaz gainera, haziak eho, eta plater batzuetan erabil ditzakegu, adibidez, pureetan eta entsaladetan hautseztatuta. Haziak aberatsak dira B1 eta C bitaminetan, flabonoideetan, fosforoan, kaltzioan, silizioan eta magnesioan. 

Errezeta: parmesano beganoa

Errezeta hau gazta arraspatuaren ordez erabil daiteke. Oso aukera osasungarria da, eta sukaldaritza errezeta askori gehitu ahal zaie.

Osagaiak: ¼ katilukada sesamo-hazi, ¼ katilukada liho-hazi, ¼ katilukada ekilore- eta kalabaza-hazi, ¼ katilukada astalikardu-hazi, hiru koilarakada legamia nutrizional edo garagardo-legamia, koilarakada txiki bat kurkuma piperbeltz apur batekin (aukerakoa) eta gatz apur bat. Hazi-kantitate bera, gordinean, erabil- tzen da, nutrizio-propietate guztiei eusteko. Ahal dela, hobe ekologikoak badira.

Prestatzeko modua: kafe-errota batek lagunduta, haziak birrinduko ditugu, eta ondoren gehituko ditugu legamia, kurkuma eta piperbeltza. Berriro birrinduko dugu dena, harik eta hauts bihurtzen den arte. Haria duen kristalezko pote batean gordeko dugu, leku siku eta ilun batean. Aste bateko epean kontsumituko dugu onura guztiak aprobetxatzeko. Pasta-errezetetan erabil daiteke, barazki-kremetan, labean egindako barazkien gainean, arrozetan eta olioz eta tomatez edo berakatzez igurtzitako tostadetan.

Propietate sendagarriak

Haziak fitoterapian erabiltzen dira. Oso sendabelar egokia da gibelerako, izan ere, arazgarria denez, toxinak eta substantzia kaltegarriak kanporatzen laguntzen du. Gainera, gibela birsortzen laguntzen du. Gibelaren egoera eta funtzionamendua hobetuta, digestio-aparatuak ere onura handiak nabarituko ditu. Kardua gibela arazteko tratamenduetan erabiltzen da, beste landare batzuetan nahastuta, adibidez, orburuarekin eta txikoria-belarrarekin. Era berean, eragin antiinflamatorioa eta antialergikoa du. Horregatik gomendatzen da urtaroko alergia agertu baino gutxienez hilabete bat lehenago astalikardua erabilita gibela araztea. 

Infusioa: 100 ml uretan 3-5 g hazi irakingo du pare bat minutuan; ondoren, 15 minutuan jalkiko dugu eta iragaziko dugu. Egunean hiru katilukada edan daitezke otorduak baino lehen.

Bitxikeriak

Karduen buruak esnea mamitzeko erabiltzen dira. Tradizioz basoko kardoa (Cynara cardunculus) erabiltzen da, eta teknikari “karduaren gatzagia” esaten zaio. Gatzagi-mota hori erabilita egiten da, adibidez, Casarreko opila, Cácereseko Casar herriko gazta tipikoa dena.

Kontraindikazioak

Tentsio altua duten pertsonek ezin dute hartu, tentsioa igotzen duelako.