Kukularrako zubibidean hobetze-lanak egingo dira uztailean eta abuztuan

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 13a, 12:56

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, uztailaren 14tik abuztuaren amaierara bitartean, Kukularrako zubibidea hobetzeko lanak egingo ditu, BI-30 errepideko 11+800 eta 12+050 kilometro-puntuen artean, La Avanzada eta Barakaldorako norabidean. Lan horietan, egungo uhinbiko bikoitza ordezkatuko dute, 80ko hamarkadaren amaierakoa baita, eta, haren ordez, euste-maila gorena izango duen pretil berri bat jarriko dute. Horretarako, galtzadaren kanpoaldeko erreia okupatu beharko da, eta hortik espaloia eta zerbitzu-hodia eraitsiko dira.

Uztailean eta abuztuan, Kukularrako zubiaren kanpoaldeko erreia ez da erabilgarri egongo, baina bigarren erreia utziko da Enekuritik datozen ibilgailuak bidean zuzenean sartu ahal izateko. Horrela, Txorierriko korridorea hiru erreitatik bi erreitara aldatuko da Enekuriko irteeran (12. irteera), eta Leioarako bihurgunea gaur egun egiten den tarte berean egongo da, baina errei bakarrekoa izango da.

Azaldu duten moduan, lanak udan egingo dira zirkulazio gutxieneko denboraldia delako. Hala eta guztiz ere, baliteke korridoreko eremu horretan auto-ilarak sortzea, bide horren gaitasuna murriztuko da eta. Foru Alldundiko sail teknikoak egindako simulazioen arabera, auto-ilara horiek lanegunetan sortuko lirateke 15:00etatik 16:30era bitartean, eta Artxandako lotuneraino iritsiko lirateke, baina ez Larrondokoraino. Kalkulatu dute batez beste 3 minutu luzatuko direla bidaiak.