Zazpi aldiz bildu dira sindikatuak eta patronala Bizkaiko autoeskoletako langileen lan baldintzak hobetuko dituen akordioa lortzeko, baina ezin izan da adostu. Horregatik, ELA eta CCOO sindikatuek grebara deitu dituzte sektore honen langileak uztailaren 8, 16 eta 21erako.
“APAVI (Bizkaiko Autoeskolen Taldea) ez du benetako edukirik eskaini langileen eskaerei erantzuteko: ez du KPIaren eguneratzea bermatzen eta ez du irakasleen lanaldi murrizketaren inguruko neurririk jasotzen, nahiz eta sektoreko aldarrikapen nagusienetarikoak izan”, azaldu dute prentsa ohar batean.
Horregatik, greba egunak deitzeaz gain, uztailaren 8an manifestazioa egingo dute Bilbon 8:30ean, Bilboko Don Jose Anselmo Clavé pasalekutik (Doña Casilda parkea).
Soldatei dagokienez, langileriak KPIra berdintzea eskatzen du, eta salatzen dute enpresen proposamena horren azpitik dagoela eta “eroshalmenaren galera” ekarriko lukeela, Eustateko datuek berresten dute ideia hori: 2023tik 2024ra prezioek %3,1eko igoera izan zuten, beraz, %0,6 aldea dago proposamenaren eta KPIren artean.
“Grebara jotzea patronalaren borondate faltak ezarri duen beharrezko urratsa da. Egoera bideratzeko proposamen errealik ezean, mobilizazio eta greba egunen bidez sektorearen duintasuna, soldata justuak eta lanaldi bidezkoak exijituko ditugu”. azaldu dute.