Memoria historikoa Markinara bidean

Iñaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2025ko uzt. 21a, 13:50

Ibilbide honetan, Bizkaiak Gipuzkoa mugatzen duen lekuan hasi, Urkaregiko mendatean, eta Markinaraino helduko gara. Jose Sagarna, Larruskaineko apaiza, fusilatu zuten lekuan ipinitako oroigarritik pasatuko gara, eta Donejakue bideari jarraituz Markinara helduko gara, 11 kilometro inguruko ibilbide erraza egin ostean. Bertan hainbat gauza interesgarri ikusiko ditugu.

Urkaregiko mendateko aparkalekuan hasi dugu ibilaldia, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko muga da. Iparralderantz egin dugu hormigoiz- ko bidetik. Bide nagusiari jarraitu diogu, zeren baserrietara doazen hainbat desbideraketa daude. Bi kilometro eta erdi egin dugunean, eskuinetik Donejakue bidea elkartu zaigu eta ez dugu utziko Markinara heldu arte. Lau kilometrora, Amulategi baserrira heldu baino apur bat lehenago, ezkerreko landan harrizko gurutze bat dago. Bertan, 24 urte zituela, Jose Sagarna Uriarte fusilatu zuten frankistek 1936ko urriaren 20an; zeanuritarra zen, eta une hartan, Larruskaineko apaiza. Urteetan zurezko makila bat egon da leku horretantxe jarrita, harik eta 1988. urtean Markina-Xemeingo Udalak orain ikusi daitekeen gurutzea jarri zuen arte.

Aurrera egin dugu. Laster Larruskainera doan galtzada ikusi dugu. Guk ezkerretara egin, eta hormigoia amaituta harrizko pistatik jarraitu dugu. Aurreragoko panel batek fusilamenduaren eta lekuan izandako borroken berri ematen du. Hamaiketakoa egiteko mahai eder batera helduta berriro hasi da asfaltoa. Hemendik Markinara jaisteko hainbat bide daude. “Ofizialenari” jarraitu diogu, aldapa gutxien duenari. Horretarako, une batean, Etxebarriako Memoria Ibilbidearen panelera heldu eta hura irakurri ondoren, eskuinetara egin dugu, zuzenago doazen beste bideak atzera utzita, eta pista batetik apurka-apurka jaitsi gara bailararantz.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.

Barroeta dorretxe elegantera heldu gara, eta ondoan duen ermitara. Erdi jauzita daude, eta euren egoerak pena ematen du. Sartu-irten laburra egin ostean jarraitu, eta Arretxinagako San Migel ermitara heldu gara. Euskal Herrian eliza/ermita bereziak badaude, eta hauxe da haietako bat. Hexagonala da. Barrura sartu gara eta zer aurkitu dugu? Harritzar handiak. Lasai! Harriak bertan zeuden, elizako hormez inguratu zituztenean. Errekari jarraituz, handik nahiko hurbil, Xemeingo eliza dotorera heldu gara. Merezi du geldialdi bat. Lehenago kanposantu bitxira sartu gara, estelak dira nagusi. Elizako horma batean eguzki-erlojua dago, benetako ordua ematen duena. Barrura sartu gara, eta duen tamaina handiak harritu gaitu. Historia apur bat egitearren: eliza X. mendean eraikitzen hasi zen eta XVI.-XVII. mendeetan amaitu. Xemein herriko eliza zen eta Xemein eta Markina, azken hau hiribildua zena, batu zirenean, hasi ziren arazoak. Norena zen eliza? Nork osatu patronatua? Zubia pasatu dugu eta Markinako plazara heldu gara. Aurretik Markina-Xemeingo Memoria Ibilbidearen panela irakurri dugu.