Arte-ekintzatik haratago, egitasmoa ekintza politikotzat hartzen da. Proposamen honen bidez ikusgai egiten dira ertzetan bizi direnak, hiria eraikitzen dutenak eta bertan bizi direnak. Baina hiriak, hala ere, ez die leku segururik eta habitagarririk ematen. Kartoia, material hauskorra, xumea eta egunerokoa dena, erresistentzia-ikur bihurtzen da: hainbeste pertsonak jasaten duten egurats zabalari buruz ez ezik, gizarte-bazterketari aurre egiten dioten sormenari, duintasunari eta erantzuteko gaitasunari buruz ere hitz egiten du.
Ekimenak zuzenean iterpelatzen du hirirako eskubidea: kaleetatik ibiltzen den eskubidea da, kaleak eraldatzen dituena, haiei buruz erabakitzen duena eta behetik habitat duina eraikitzen duena. “Kartoizko etxea” egitasmoak hiri-injustiziari aurrez aurre begiratzera bultzatzen gaitu, eta erdigunean pertsonak ipintzen dituen eredu baten alde egitera. Elkarrekin hiri habitagarriak, inklusiboak, justuak eta jasangarriak eraikitzeko deia da. Bizitza bakoitzak garrantzia duen hiriak dira, kanpoan inor gelditzen ez den hiriak.
Oraingo honetan, erakusketa “Kultura eta herritarrak, hiri habitagarriak eraikitzean” jardunaldietan ipintzeko aukera izan dugu. Jardunaldiak KCD gobernuz kanpoko erakundeak antolatu zituen eta EHUko Bizkaia Aretoan egin ziren, Bilbon. Topaketan hainbat herrialdetako erakundeak, aktibistak eta profesionalak batu ziren, hala nola Euskal Herrikoak, Kubakoak, Mexikokoak eta Senegalekoak. Helburua izan zen elkarrekin hausnartzea hiri justuagoak, onberagoak eta jasangarriak nola eraiki. Jardunaldiek bi egun iraun zuten. Egun bizi-biziak izan ziren, zeinetan elkarrizketak eta hartu-emanak nagusi izan ziren. Gainera, “Kartoizko etxea” arte komunitarioko proposamena bihurtu zen partekatutako helburuen ikur eta sintesi.
ETENGABEKO BILAKAERA
Erakusketaren atzean badaude taldean pasatutako lan-ordu asko, hausnarketa- eta sormen-ordu asko. Hainbat egunetan, eta Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiarekin elkarlanean, Emaúseko gizarte-programetako kide batzuk lanean hasi ginen. Berriz erabiltzeko kartoia, artaziak, itsasgarria eta irudimen handia erabilita, hainbat eratako eta tamainatako etxeak eraikiz joan ginen, baita ospitaleak eta eskolak ere. Guztion artean identifikatu genituen etxerik ez duten pertsonek euren burua babesten duten lekuak, hala nola elizpeak, markesinak, zubiak… Ohiko lekuak dira eta jendea haietatik pasatzen da; beste aukerarik ez dagoenean, babesleku bihurtzen dira.
Parte hartzeko prozesua “Kartoizko etxea” egitasmoan jasotzen da, zeina instalazio kolaboratiboa eta irekia baita, eta etengabeko bilakaera du. Lan itxia ez denez, publikoa gonbidatzen du prozesuaren parte aktiboa izatera: bere kaleetatik ibili, hirian bizi izateko beste modu ba-tzuk asmatu, etxe berriak eraiki… Begiratzea gainditzen duen proposamena da, esperientzia partekatua bihurtzen dena. Izan ere, “Kartoizko etxea” proiektuan parte hartzen duenak ikusi ez ezik, sortu, ekarpena egin eta eraldatu ere egiten du.
Aurrekoari lotuta, ezin dugu hiri habitagarriei buruz hitz egin, etxebizitzari dagokionez muturreko bazterketa-egoeran daudenak kontuan hartzen ez baditugu. Gure lurraldeetan handituz doan errealitate kezkagarria da etxegabetasuna. Eustateko 2022ko datuen arabera, Euskadin 4.456 pertsonak ez dute etxerik, eta % 72,4 atzerritarrak dira. Segurua ez den leku batean bizi izatea ez da bakarrik egurats zabalean egotea: bakartasunean, segurtasunik ezan eta txirotasunean bizi izatea ere bada.
Emaús Gizarte Fundazioak aldarrikatzen du sortzeko eta hausnartzeko guneak atontzeko beharra. “Kartoizko etxea” egitasmoa moduan, gune horietan artea tresna bilakatzen da, hiriak behetik irudikatzeko, eraikitzeko eta bizi izateko; kolektiboa denetik, zaintzatik. Hori baita etorkizun justu eta inklusibo baterantz aurrera egiteko modu bakarra.