Gazeo eta Alaitza, bi harribitxi Arabako lautadan

t/a: Iñaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2025eko irailaren 26a

Arabako lautadara hurbilduko gara. Bertan artikulu askotarako materiala dagoen arren bi harribitxitan jarriko dugu arreta: Gazeoko eta Alaitzako elizetako margoetan. Hala ere, ingurua ere ezagutuko dugu, Agurain herria, Sorginetxe dolmena, haritz zaharren baso ikusgarria, hegaztien babesgunea den hezegunea... badago nondik ibili. Horri guztiari gehitu bertatik igarotzen diren bideak: Santiago bidearen adar bat, ardoa eta arrainaren GR 38a, lautadako birako GR25a eta vasco-navarro trena izandakoaren bide-berdea.

Gazeo eta Alaitza elizak ezagutzeko erarik onena aurretik bisita gidatua erreserbatzea da Aguraingo turismo bulegora deituta (945 30 29 31). Gazeoko elizan hasi dugu bisita: Tourseko San Martinen omenez eraikitako eliza honek hainbat aldaketa eta zaharberritze izan ditu, ez beti egokiegiak. Benetako balioa barruan du: Euskal Herriko horma-margo gotikorik handiena. 1967an deskubritu zen erretaularen atzean eta XIV. mendeko sinesmen erlijiosoetara garamatza, beraien zeru eta infernuarekin.

Hurrengo geldiunea Alaitzako Andra Mariren eliza izan da. Bertan margotuta dagoenak harrituta utzi gaitu, ez du zer ikusirik Gazeon ikusitakoarekin. 1982.an deskubritu ziren eta hainbat figura gorri misteriotsu daude margotuta, antza denez XII-XIII. mendetakoak. Oso motibo erlijioso gutxi ditu eta garaiko pertsonaiak aurkitu daitezke: gerlariak gaztelu bati erasoka, emakume bat erditzen... Ez da erraza gaur egungo begiekin hemen ikusitakoa interpretatzea. Bisita luzatu da eta Añua eta Arbuluko elizetako margoak ikusiz amaitu dugu ibilbidea. Aipatzekoak dira ere lautadako hainbat herritxotan, baita Agurainen ere, dauden mural garaikide ederrak.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.

Inguru hauetan gaudela aprobetxatuz Sorginetxe trikuharri ezagunean egon gara, baita ondoan dagoen Pedroko hezegunean ere. Hegaztien babestokia da berau lautada lehorrean. Mendi ibilbideak hasteko ere paraje aproposa da, Opakua edo Entziara igoz, adibidez. Guk Munain herritik gertu aparkatu eta haritz zaharren, oso zaharren, ibilbidea egin dugu. Laburrena aukeratu dugu, 6 km-koa. Basoan sartuta ehunka urte dituzten haritzarrak aurkitzen dira, zabalak, motxatuak eta ikusgarriak. Okariz herritxotik pasatuta itxi dugu ibilbide zirkularra. Ezin ingurua utzi Agurain bisitatu barik, lautadaren hiriburua berau. Bisita gidatua egin dugu berriz bertan: Udaletxe barrura sartu gara, eta sorpresa, ermita erromaniko oso bat dago barruan. San Joan eliza-gotorlekua itzelean sartu gara ere, garai batean hiria harresiz inguratuta zegoen eta elizatik zaintza-erronda egiten zen lekura igo daiteke. Kaleetatik ibili ostean herriaren beste aldean dagoen Andra Mari eliza-gotorlekuan amaitu dugu ibilbidea. Bestea bezain handia, erretaula interesgarria eta plateresko estiloko koro harrigarriarekin, orduak pasatu daitezke bertan dauden figuratxoak behatzen... Bide batez herria erre zenaren historia, portiko handien zergatia, Aiala familia boteretsua eta herritarren arteko ezinikusiez ere jabetu gara.