Emeterio eta Zeledonio santuen buruak

t/a: Iñaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2025ko urr. 21a, 13:28

Eliza Katolikoaren martirien zerrenda luzea da. Gurean batzuk gehiago sustraitu dira; bularra moztutako Santa Ageda, parrilan erretako San Lorentzo, geziz akabatutako San Sebastian... Beste batzuk gaur egun erdi ahaztuta daude, eta inork gutxik daki hauen berri. Elizaren tradizioan Emeterio eta Zeledonio, Kalagurrin (Calahorra) jaiotako Erromako legiotako bi soldadu ziren, kristautasunari uko ez egiteagatik burua moztuta hil ei zirenak. Santu hauek jarraitzea Gipuzkoara eramango gaitu, beraien buruei buruzko bitxikeria bitarteko.

Bergarako auzoa den Osintxuko elizan sartu gara, aurretik zita jarrita. Erretaulara begiratuz santu biak albo banatan aurkitu ditugu, soldadu erromatarrez jantzita, esku batean ezpata eta bestean palma-adarra dutelarik. Buruak lepo gainean, bere lekuan, daukate. Bisita amaituta, elizatik irten, Deba ibaia aurrez-aurre dagoen zubitik gurutzatu eta ezkerretara eginez bidegorria hartu dugu. Berau Eibarretik Lizarraraino zihoan trenaren ibilbidea aprobetxatuz eginda dago. Hiru kilometroko paseo ederretik ibili ostean Soraluze herri luzera heldu gara.

Soraluzen ibaia berriro gurutzatu dugu beste aldera, aurrera jarraitu eta herria amaitzen denean ezkerretik doan errepidea hartu dugu, tailer batzuen ondotik pasatu eta bidegurutze batera heldu gara. Hemen ezkerretako bidea hartu eta aldapa labur baten amaieran Hernizketa baserri ederra dago, eta honen atzean Meteri eta Zeledon santuen baseliza, gaur egun San Martzial izenez ezagutzen dena. Herritik hona oinez heltzeko bide laburragoa ei dago, baina itxita egon da, eta ezin izan dugu hartu. Ermita pribatua da, baserriarena, eta bertako jabeak atseginez zabaldu eta erakutsi digu. Albo batean aldare bat dauka, ez da ohikoa ermitetan, eta aldare nagusiko atzeko erretaulan daude berriro gure bi soldaduak, baina oraingoan buruak ez daude bere lekuan, eskuetan baino. Egin ditugun bost kilometro hauetako lekuren batean moztu dizkiete buruak. Kuriosoa da jaiak ere orden hori jarraitzen dutela, Osintxun abuztuaren azken astean ospatzen dira, eta Soraluzen hurrengo asteburuan.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.

Eguna amaitzeko Larrabetzuko Goikolexeako eliza bisitatu dugu, San Emeterio eta San Zeledonio ere berau. Barruan, oso leiho berezi bat eta horman aurkitutako pintura gorri ederrez gain erretaula ospetsua dugu ikusgai. Hemen martirioaren eszena guztiak ikus daitezke, erretentzio unea, burua mozten, moztu ostean...  Ezin dugu artikulua amaitu beste eskultura bat aipatu barik, harrizkoa berau, lehen Mañaria herriko Aldegoienako San Martin ermitan zegoena eta gaur egun museoan. Ermita honek ere bisita merezi du, Untzillaitz mendiaren magalean, koba baten ondoan, leku mistikorik badago hauxe da bat.

Esan behar da ere eliza guzti hauek normalean itxita egoten direla, beraz bisitatu ahal izateko aurretik giltza dutenekin geratu behar izaten da. Beraien baimenekin hona bi telefono: Osintxukoa 943 76 20 67 (Lourdes) eta Soraluzekoa 669 54 81 17 (Oskar).