Baztan osoa gurutzatu, Amaiur atzean utzi eta Otsondoko portura heldu gara. Laster eskuinetik Gorramendira doan errepidea hartu dugu. Mendi honetan AEBen base militar bat egon zen urte askotan. Hiru kilometro egin eta etxetxo baten ondoko aparkalekuan, Baztango panel bat duena, utzi dugu autoa. Bertan pottoka batzuk ongi etorria egin digute, gaurko ibilbidean ikusiko ditugun zaldi, behi eta ehundaka ardien aurrekariak izan dira. Oinez atzera egin eta laster eskuinetik gorantz doan harri txingorren pista hartu dugu, Napoleonen bidea legez ezagutzen dena. Kilometroa eginda, lepo batera heldu gara, Antsestegiko lepoa. Hortik ezkerrean dagoen muinora igo, eta cromlech batekin egin dugu topo, Goizamendi cromlecha, garai bateko erritualen sinboloa. Bere ondoan beste garai bateko sinboloa, gerrako bunkerra, lur azpian sartuta. Bertatik bistaz bidea jarraituz gero urrunera begiratuta menditxo batean hiru puntu-mantxa ikusiko ditugu, horraino helduko gara gaurko ibilaldian. Baina lehenago lepora jaitsi, pista gurutzatu eta beste aldera 300 metro eskas gorantz eginez beste bi bunker aurkitu ditugu.
Berriro pistara jaitsi eta aurrera egin dugu, beherantz, orain hormigoia zapalduz. Aipatutako pottoka-zaldi-behi-ardiaz gozatzeaz gain bista ederraz ere gozatzen joan gara. Eguraldia lagun Larrun mendia aurrean dugu, apur bat urrunago Aiako harriak. Ia Lapurdi osoa dugu gure begien bistan, eta harago itsasoa. Usoak ehizatzeko hainbat postu ere daude inguruan. Paisaiarekin entretenituta goazela, kontuz, kanadiar pasabide bat igaro ostean ezkerretara egin behar da, larretatik gora, eta muinotxoari bira ematen diogun bitartean beste lau bunker aurkitu ditugu.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.
Berriro pistara jaitsi eta bideak utzita gorantz joatea falta zaigu, larretatik gora orain ere, zeren hemendik ikusten ez diren arren hasieran ikusitako hiru zulotxo horiek goian daude, Lizartzu mendiko magalean. Astiro-astiro igo dugu aldapa eta bertan aurkitu ditugu babeslekuak. Hauen misioa ez zen bertatik tiroa egin, tropak babestea baizik. Barrutik komunikatuta dauden hiru tuneltxo dira. Ezin izan gara barrura sartu, animalien lokatzez beteta egon direlako. Bertatik, bista ederrez gozatzeaz gain, beste artikulu batzuetan aipatu ditugun basa-kortak ikusi daitezke, lur eremu biribil handiak abereak gordetzeko. Itzultzea besterik ez zaigu falta, bide beretik, ez dago galtzerik.
Inguru hauetatik gabiltzala Amaiur herria eta bere gazteluaren aztarnak bisitatu barik ezin da itzuli. Berreskurapen lanak amaituta inoiz izandako gaztelu ederraren harriak agertu dira eta gaur egun era eroso batean bisitatu daiteke. Gaztelarren aurrean Nafarroako azkenetariko defentsa gunea izandako gaztelua da, goiko monolito batek gogoratzen duenez. Eguna amaitzeko merezi du Amaiur herrian bertan dagoen museoa bisitatzea.