Bertan nabarmentzen da “norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra gazte bihurtu” duela, debekuen aurrean eutsiz eta isilaraztearen aurrean hitza berreskuratuz. Hala ere, “bizi garen mundu nahasi eta aldakor” honek “komunitatearen indarra eta zentzua zaildu egiten duela” dio, eta “hiztun-komunitatea ez dela berez mantentzen”, “zaindu elikatu eta piztu” egin behar dela. Hori dela eta, “euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea” dela dio.
Elkarte sozialen adierazpenak
Txorierriko elkarte sozialek egindako adierazpenei dagokienez, Derioko Marikobasok nabarmendu du “hiztunok aktibatu behar garela, noski, baina horrekin bakarrik gurean ez da nahikoa”. Horrez gain, hauek diote “ez dutela argi” zein den Derioko udal estrategia euskara biziberritzeko, ezta aktibatuta dauden herritarrei egiten zaien eskaintzaren hizkuntza ikuspegia zein den. Hori dela eta, kanpainetatik harago, “estrategia bat” behar dutela nabarmentzen dute, eta “ezinbestekoa” dela “Derioko Euskararen mahaia osatzea”, udalarekin batera dauden aukerak “elkarrekin eraikitzeko”.
Bestalde, Larrabetzuko Darabilguk, poema baten bidez, “euskarak 365 egun” dituela azpimarratu du. Gainera, “gure borroka” debekuen gainetik dagoela azpimarratu du, eta “gure esku” dagoela erronka, eta lehen hitza euskaraz luzatzearen garrantzia nabarmendu du, “horrela ederragoa egingo dugu gure bizitza”.