Gehiago gara. Gazteak ere gehiago dira

Aner Mentxaka Alvarez 2026ko otsailaren 2a

TXORIERRIKO BIZTANLEAK 2005-2025
Demagun txorierritarrak batu nahi ditugula herri bazkari batean, hobeto esanda, eskualdeko bazkari erraldoi batean. 22.229 aulki beharko ditugu horretarako. Adinaren arabera jesarriko ditugu mahaian, bakoitzak bere kintokoekin osatuko du taldea. 441 aulki beharko dituzte 1975. urtean jaiotakoek, eurena da talderik handiena. 2024an jaiotakoek 126 aulki (edo trona) beharko dituzte bakarrik. Nabarmen hazi da Txorierriko biztanleria azken hogei urteetan, baina 2007tik erdira jeitsi dira jaiotzak. Herrien artean ere nabarmenak dira ezberdintasunak.

2005ean baino 3.707 txorierritar gehiago gara egun (ezinezkoa dugu Erandiogoikoako datu zehatzak lortzea, beraz, gainerako sei herrietan oinarritu gara ikerketa egiteko. Euskal Estatistika Erakundearen datu baseaz baliatu gara). Hogei urtetan %20 handitu da biztanleria Txorierrin. Ez da gutxi. Bizkaia, bere osotasunean, %3 bakarrik handitu da eta. Baina igoera hau ez da berdina izan bailara guztian: Derio ia %50 handitu da eta Lezama %3 besterik ez. Larrabetzu %25 hazi da eta Zamudio, Sondika eta Loiu %10 inguru. Hiru txorierritarretik bat Derion bizi da egun.

Duela hogei urte baino 2.436 biztanle gehiago dago Derion. Lezaman 61 gehiago bakarrik

Sondika eta Derio dira herri populatuenak, bi udalerri hauetan bizi dira gainerako lauretan baino lagun gehiago. Era berean, azalerarik txikiena dutenak dira. Beraz, dentsitate oso altua dute. 700 lagunetik gora bizi dira kilometro karratuko. Larrabetzun, ordea, 96 biztanle soilik.

Txorierriko biztanleria, adin tarteka. (Klikatu gainean handiagoa ikusteko)

Herri bakoitzak bere biztanleriaren bilakaera propioa bizi izan du azken bi hamarkadetan: batzuetan hirigintza-plan handiak eman dira, besteetan ia ez da eraiki etxe berririk. Baina bada herri guztiei antzera eragin dien faktorerik: 70eko hamarkadan jaiotakoak dira talde ugarienak. Hau Bizkaia osoan ematen den fenomenoa da. 1980tik aurrera hasten dira, urtero urtero, biztanleak gutxitzen. Eta 1995-1998 urteen bitarteko kintoen taldeak ez dira 200 lagunetara heltzen. Baina horren ondoren igoera dago berriz, 2007. urtean ia 300 lagunetara helduz. 1998tik 2007ra doan hazkunde hau, ordea, ez da Bizkaian ematen. Lurralde historikoan, datuak egonkor mantentzen dira, igoera eta jaitsierarik gabe. 2008an hasten da ostera ere biztanleriaren beherakada eta 2024rako jaiotakoen kopurua erdira jaitsi da. Beherako joera hau oraindik ez da gelditu, eta datuei erreparatuta, hurrengo urteetan gehiago txikituko dela ematen du: bizkaitarrek, egun, 32 urterekin izan ohi dute lehen haurra. Hau da, 90ko hamarkadan jaiotakoak izaten ari dira orain guraso, eta hauek talde txikiak dira.

Boomerrak, millennial-ak… zein da zure belaunaldia?
Adituak saiatu dira gizartea belaunaldietan banatzen eta giza-talde hauen ezaugarri amankomunak antzematen. Hala ere, egiten diren banaketetan ez dago ia adostasunik eta sarritan estereotipo eta aurreiritziz osatutako deskribapenak besterik ez dira.

Alfa belaunaldia (2010etik aurrera jaiotakoak). Gazteenen taldea da hau. Interneten erabilera guztiz hedatuta dagoela jaio dira, horregatik, natibo digitalak direla esan ohi da. Mundu birtualak dakartzan aldaketa eta arazoen lehen kaltetuak ere badira.

Z belaunaldia (1995-2009). Hauen ezaugarri garrantzitsuena teknologiarekin duten harremana omen da. Sare sozialek eta mundu birtualak eskaintzen dieten komunikazio eredua lehenesten dute eta per- tsona indibidualistak dira. Zoomer edota centennial bezala ere izendatzen dira.

Milurtekoak edo millennial-ak (1980-1994). Euren ikasketak hurrengo milurtekoan, 2000 urtea eta gero, amaitu zituztelako deitu zitzaien millennial. Adituen arabera, konfiantza eta tolerantzia handiko belaunaldia dira, baina baita nartzisista ere.

X belaunaldia (1965-1979). X izendatze- aren zergatia da definitzeko zaila omen den belaunaldi bat dela. Gurean talde handiena dira, boommerrak baino gehiago. Aldaketa politiko eta sozial handiko garaietan jaiotakoak dira, frankismoaren azken aroan.

Baby boomerrak (1946-1964). Gerraostean eta frankismoaren lehen hamarkadetan jaiotakoak dira. Bigarren Mundu Gerra amaitzean jaiotza tasak gora egin zuen mundu guztian, baina gurean gerraoste gogorrak gorakada atzeratu zuen zenbait hamarkadaz. Euren gaztaroa rockak eta pop kulturak zipriztindu zituen.

Belaunaldi isila (1928-1945): 1928tik eta 1945era bitartean jaiotakoak dira. Espainiako Gerran umeak ziren edo gerraosteko lehen urteetan jaio ziren. Garai latzak bizi behar izan zituzten eta diktaduraren askatasun faltak baldintzatu zituen.

 

Txorierriko biztanleria, adingabeak, helduak eta 65 urtetik gorakoak, 2005ean eta 2025ean.

Baina zaharkitu da Txorierriko biztanleria?
Kontrakoa badirudi ere, duela hogei urte baino adingabeko gehiago dago. 18 urtetik beherakoak txorierritarren %15 ziren 2005ean, eta %17 dira orain. Hazkundea handia izan da Derion, Larrabetzun eta Zamudion. Loiun, ordea, duela hogei urte baino gazte gutxiago dago.

Lezaman, adinekoak %16 ziren 2005ean, %24 dira orain

Hirugarren adinekoen kopurua ere hazi da Txorierrin, %19tik % 22ra. Gehien hazi dira Lezaman, Loiun eta Zamudion. Larrabetzun kontrako joera eman da: duela 20 urte baino gutxiago dira 65 urtetik gorakoak.

Txorierritarren jaioterria, 2005ean eta 2025ean.

Eta kanpotik etorritakoak?
Bizkaitik kanpo jaio diren txorierritarren portzentaia duela hogei urteko berdina da. Lautik bat bakarrik du jaioterria Bizkaitik kanpo. Zehatzago esanda: 2005ean %75,7 ziren Bizkaian jaiotakoak eta orain %74,2 dira. Baina nabarmen aldatu da etorritakoen jaioterria. 2005ean 3.800tik gora txorierritar Espainiako estatutik etorritakoak ziren, eta 664 lagunek munduko beste estatuetan zuten jaioterria. Egun espainiar jatorria dutenak 3.338 dira eta bestelako herrialdeetan jatorria dutenak 2.392. Hauek txorierritarren %3,6 ziren 2005ean, %10,8 dira gaur egun.