DIRUZ BABESTUTAKO EDUKIA

Euskal eskola publikoak: erdu eta matrikulatu!

Aikor aldizkaria 2026ko otsailaren 6a

2025-2026 ikasturterako onartze prozesua otsailaren 14ra arte egingo da haur, lehen eta bigarren hezkuntzako, EAEko eskola eta institutuetan.

 

Lezamako eskola

Ikasle bakoitzaren ongizate emozionala zein garapen integrala oinarri hartuta, bizikidetza positiboa da gure helburua. Haur Hezkuntzan, umeak mugimendu autonomoan murgilduta  daude, esplorazioa modu naturalean biziz. Lehen Hezkuntzan, berriz, autonomia, manipulazioa eta ikasketa kooperatiboa sustatzen ditugu. Ikasle nagusiak txikiekin elkarreragiten dute, laguntza emanez eta esperientziak partekatuz, elkarlanean eta errespetuan oinarritutako harreman naturalak sortuz. Euskara eta euskal ohiturak landu eta zabaltzen ditugu kantagintza, antzerkia, idazleak zein irteeren bitartez. Eskola txiki izateak ikasle bakoitza modu pertsonalean ezagutzeko eta familiengandik hurbil egoteko aukera eskaintzen digu. 

 

Txorierri Institutua BHI

Euskara eta euskal kulturan oinarritutako hezkuntza-proiektu berri-tzailea eta eleanitza da gurea. Gune eta instalazio berriei esker, ikasleei baliabiderik egokienak eskaintzen dizkiegu konpetentzietan oinarritutako hezkuntza-proiektuarekin ekiteko. Hautazko eskaintza zabala eta maila bakoitzean arloren bat gutxienez ingelesez lantzeko aukera ere badute ikasleek. Bestalde, ikasle eta familiekiko gertutasunak ahalbidetzen digu ikas-leen jarraipen estua eta aniztasunari erantzun egokia ematea. Herrien arteko lotura, elkarbizitza eta girotze arrakastatsua sustatzen da ikastetxean, ikasleen ongizatea eta garapen integrala erronka izanik. Txorierri BHI ezagutzera emateko asmoz, Txorierriko eskoletan familientzako aurkezpen-saioak eskainiko ditugu urtarrilean. Eskoletako zuzendaritzak bidaliko dizue bilerei buruzko informazioa.

 

Larrabetzuko eskola

Ikasle bakoitzaren beharrizanetara ego-kitzen gara, umeak beti erdigunean ipintzen ditugu eta. Eskola inklusiboa da gurea, eta patio eta gune biziak sortzen ditugu etengabe. Era berean, hainbat egitasmotan gabiltza murgilduta, hala nola Eleaniztasuna Proiektua (euskara ardatza dela 3 hizkuntza ikastea), IkasLab, STEAM, Emozio-tailerrak eta Hezkidetza.  Bestalde, ikasleen bazkaria gure sukaldean bertan prestatzen da, eta ortua dugunez, landatzen ditugun sasoiko produktuak zuzenean joaten dira sukaldera. Gainera, auzoari zein herriari zabalduta dagoen eskola dugu, eta gurasoek eta udalak parte-hartze aktiboa dute berton. 

 

Derioko eskola

Derioko Herri ikastetxean ikaslea da ardatza. Metodologia aktiboen bidez ikaskuntza esanguratsua sustatzen dugu, eta Haur Hezkuntzan mugimendu autonomoa oinarrizko tresna da, haurren garapen integrala bultzatzeko. Bizikidetza eta hezkidetza dira gure hezkuntza-proiektuaren zutabe nagusiak, errespetuan, berdintasunean eta lankidetzan oinarritutako komunitatea eraikiz. Euskaran oinarritzeaz gain, normalkuntza eta eleaniztasuna uztartzen ditugu ikasleen komunikazio-gaitasunak sendotzeko. Horrez gain, hainbat proiektu berritzaileren parte gara —IkasLab, STEAM, ADI, Eusle, Bidelagun, Berbalapiko eta Indartuz—, ikasleak modu aktiboan inplikatuz eta etorkizuneko erronketarako prestatuz. Eskola-komunitatearekin lotura estua eta hurbila lantzen dugu egunerokoan: ikasleak, familiak , hezitzaileak eta beste langileek ere, elkarrekin aritzen gara, konfiantzan eta elkarlanean oinarritutako giroa sortuz. Ikastetxean hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu: ikasleen bazkaria eskolako sukaldean bertan prestatzen da; guraso-elkarteak antolatuta, goizeko harrera-zerbitzua (07:30–09:00) eta askari-zerbitzua (16:00–17:00) eskaintzen dira; eta, horrez gain, eskolaz kanpoko ekintza sorta zabala dago eguerdian eta arratsaldean.

 

Zamudioko eskola

Zamudioko eskolan, umearen garapen integrala eta orekatua dugu ardatz. Horregatik, metodologia aktiboak erabiltzen ditugu, ikasleen beharrizanetara egokituta eta haien jakin-mina piztuz. Haur Hezkuntzan, mugimendu autonomoa, segurtasun afektiboa eta autonomia pertsonala sustatzen dituzten barneko eta kanpoko guneak sortu ditugu, umeek askatasunez eta konfiantzaz ikas dezaten. Lehen Hezkuntzan ere bide beretik jarraitzen dugu, ikasketa kooperatiboa, manipulazioa eta esperimentazioa oinarri hartuta. Ikasleek beren erritmoan eta modu esanguratsuan ikastea da gure helburua. Gure hezkuntza-proiektuaren zutabe nagusiak dira: aniztasuna, inklusioa, berdintasuna eta jasangarritasuna. Eta hori guztia, euskara ardatz nagusi izanik. Eskola komunitate ireki eta parte-hartzailea gara: familiekin eta herriko eragileekin elkarlanean aritzen gara, proiektua egunero aberastuz. Gainera, familiei laguntzeko, zerbitzu osagarriak eskaintzen ditugu, hala nola harrera goiztiarra eta eskolaz kanpoko ekintza ugari. Zamudioko eskolan, ume bakoitzak bere lekua du. Zatoz gu ezagutzera eta parte hartu gure proiektuan.

 

Sondikako eskola

Gorondagane Eskolan azken urteotan ezarritako hezkuntza- erronkei modu jarraituan erantzuten ari gara eta finkatutako helburuak betetzen ari gara. Lehen Hezkuntzan, dagoeneko txertatuta daukagu metodologia-ereduaren eraldaketa eta ikasleek, besteak beste, ikas-egoeren bitartez bereganatzen dituzte gaitasunak. Haur Hezkuntzan, ikaskuntza aktibo eta parte-hartzailea sustatzen dugu, proiektuen bidez lan eginez. Metodologia horrek ikasleen interesa, autonomia eta motibazioa indartzen ditu, eta ikasleak ikaskuntza-prozesuaren erdigunean jartzen ditu. Bestalde, robotika-saioak antolatu eta sistematizatu ditugu bi etapetan. Saio horiek modu planifikatuan egiten dira, pentsamendu logikoa, arazoen ebazpena, sormena eta talde-lana garatzeko. Azkenik, ikasleen garapena hobeto baloratzeko, ebaluazio konpetentziala ezarri dugu. Horren bidez, ikaskuntza-prozesuari garrantzi handiagoa ematen diogu, eta ikasleen aurrerapena modu jarraitu eta orokorrean aztertzen dugu.