Korrikak Errigorak herria eta euskara lantzeko egindako lana nabarmendu du

Mikel Reina Barros 2026ko otsailaren 10a

Korrikako omendua da Errigora, eta hura goresteko ekitaldia egin du AEK-k Durangon. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean bertako ekoizleen bidez euskaratik, euskararentzat eta euskaraz egindako lana azpimarratu dute.

Euskara, auzolana eta elikadura burujabetza. Hiru ardatz horiek ditu Errigorak, AEK-ko Nazio Kontseiluko kide Xabi Gartziak nabarmendu duenez. Gartziak zehaztu du badutela zerikusirik Korrikarekin: “Errigora eskuz esku, fisikoki eta natural zabaltzen da, Korrikaren lekukoa bezalaxe”.

Bide beretik mintzatu da Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea. Azaldu du egiteko moduetan ez ezik helburuetan ere bat egiten dutela: “Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora”. Ahalegin hori eskertu nahi izan diote: “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, 24. Korrikaren bitartez, Errigorak euskalduntzean egiten duen ahalegina aintzatesteko era izango da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere”.

Pozik hartu du gorazarrea Errigorak, "izugarrizko ilusioarekin". Adriana Urmeneta eta Irati Abio mintzatu dira taldearen izenean: “Ekimen gutxik daukate urtetik urtera herri honen grinari bizirik eusteko gaitasun magiko hori, eta, dudarik gabe, Korrika da horietako bat. Eta, nola ez, Errigorako kideongan ere eragiten ditu bizipoz eta harrotasun horiek edizio orotan”.